Haur askorentzat eskolako jantoki-zerbitzua premiazkoa dela garbi dago, baita garaiotan jantoki seguruak bermatzeko baliabide gehiago behar direla ere. Baina horren ordez jantokiko ratioak eta espazioak mantentzen direla, langile gutxiago direla eta lan-baldintza okerragoetan ari direla kexatu dira EAEko eskola-jantokietako langileak. Hiru greba egun deitu dituzte.
Pandemia garaian, haurrak talde egonkorretan banatu behar badira eta taldeen arteko espazioak mantendu, nola egin hori baliabide gehiago partez lehen baino baliabide gutxiago izanda? “Argi dago administraziokoentzat azpikontratatutako langile gehienbat emakumezkoak bigarren mailako pertsonala garela. Izan ere, hain funtsezkoak bagara, zergatik ez digute kasurik egiten?”, salatu dute. Maiatzetik daramate Eusko Jaurlaritzarekin bildu nahian, lortu gabe. Presioa egiteko, grebara joango dira ikastetxe publiko, itundu eta pribatuetako jantokietan, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzeko negoziatzera eseri dadila: kalitatezko jangelak antolatzeko eta osasun-bermeak ziurtatzeko neurriak adostu nahi dituzte.
Familiak, kezkatuta
Haur ugarirentzat, jantokikoa da egunean hartzen duten fundamentuzko otordu bakarra. Hala aldarrikatu dute langileek. Eta hala ere, guraso askorengan egoerak sortu duen mesfidantzagatik, hainbat familiak uko egin dio seme-alabak jantokira eramateari, zerbitzu hau behar duten arren.
Egoera honi guztiari soluzioa eman asmoz, sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte: datorren asteazkenean (urriaren 21ean) izango dute lehen greba eguna, eta urriaren 27 eta 29rako deitu dituzte beste bi lanuzteak.