Fukushimako zentraleko zuzendaritzari kargu kriminalak egotzi dizkiote

  • Greenpeacek biktimentzako urrats garrantzitsutzat jo du, eta eskatu du Japoniak guztiz baztertzea energia nuklearra.


2016ko martxoaren 01an - 11:59
Fukushimako zentral nuklearraren zuzendaritzari kargu kriminalak egotzi dizkiote. Argazkia: Fukuleaks

Fukushimako zentral nuklearraren jabe den Electric Power Companyako (TEPCO) zuzendaritza epaituko du Japoniako justiziak. Zentral nuklearreko hiru erreaktoreen fusionatzea ekiditeko neurri nahikoa hartu ez izana egotzi diote.

Greenpeacek japoniarrentzako urrats garrantzitsutzat jo du, eta herrialdeari eskatu dio guztiz baztertzea energia nuklearra. “Fukushimako herritarrek eta Japoniak justizia merezi dute. Prozedura judizialak erakutsi behar du TEPCOk eta sistema erreguladoreek porrot egin zutela herritarrak babesteko garaian”, adierazi du Hisayo Takada Japoniako Greenpeaceko energia saileko arduradunak. “Oraindik etxera bueltatu ezin dutenek eskubidea dute zer gertatu zen jakiteko”, gaineratu du.

Elkarte ekologistak jakinarazi duenez, TEPCOk ez zuen inolako neurririk hartu Fukushimako zentral nuklearra babesteko 2011ko martxoko istripua baino lehen aurreikusitako 15,7 metroko tsunamiaren aurrean, “erreaktorearen kokalekua arriskutsua zela jakin arren”. Konpainiak adierazi zuen tsunamiaren gehieneko altuera zortzi metrokoa izango zela, eta ez zela zentral nuklearrera iritsiko. Fukushimako zentral nuklearra itsas gainetik hamar metrora badago ere, erreaktoreetako hozte-sistemako bonbak lau metrora daude.

Greenpeacek erradioaktibitatearen eraginak neurtzeko ikerketa jarri du abian

2016ko martxoaren 11an istripuaren bosgarren urteurrena betetzen dela eta, Greenpeacek ikerketa jarri du abian Fukushimako zentral nuklearraren ondoko itsasoan erradioaktibitatearen eragina ikertzeko. Bost urte igaro dira istripua igaro zenetik, eta elkarte ekologistak uste du “kutsadura erradioaktiboak beste 300 urtez aktibo jarraituko duen lekuak badirela itsasoan”. Ontzi batekin eta urpeko robot batekin egiten ari dira ikerketa lanak.

TEPCO enpresak erradioaktibitatez kutsatutako 1,4 milioi tona ur produzitu ditu zentral nuklearreko erreaktoreetako erregai tonak hozteko helburuarekin. Horiei gehitu behar zaizkie istripuaren lehen egunetan fabrikatik ateratako emisioak, eta erreketatik Ozeano Barera ailegatzen den kutsadura. Horrek horrela jarraituko du beste 300 urtez gutxienez, Greenpeacen esanetan. “Fukushimako istripua historian erradioaktibitate gehien askatzen ari den hondamendia da, eta ezinbestekoa da kutsadura horren eraginak ahalik eta lasterren ulertzea”, adierazi du Shau Burnie ikerketan parte hartzen ari den Alemaniako Greenpeaceko kideak.

Naoto Kan Japoniako lehen ministro ohia ere Greenpeaceko ekintzaileekin dago. Herrialdeko lehen ministroa zen istripua gertatu zenean, eta istripuaren ondorio larrien ondorioz, zentral nuklearrak ixtea erabaki zuen. “Istripua baino lehen pentsatzen nuen Japoniako teknologia aurreratuak balioko zuela Txernobylen gertatu zena hemen ez gertatzeko. Ez zen horrela izan ordea, eta aurre egin behar izan nion arriskuan zeuden 50 milioi pertsonen ebakuazioari. Ez dugu horrelako arriskurik hartu behar; hobea da energia berriztagarriak garatzea, merkeagoak eta seguruagoak dira, eta negoziorako potentzial handiagoa dute”.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude