Fukushima + 5: gobernuak istripuaren arrastoak ezabatu nahi ditu Tokioko Olinpiar Jokoetarako

  • Japoniako gobernuari gogaikarri zaio Fukushimako istripu nuklearraren aipamen oro, 2020an antolatu behar dituen Olinpiar Jokoetara mundu osoko jendeak erakartzeko: hurbildu nahiko ote dute erradiaktibitatez kutsatutako lurralde batera? Nola kendu beldurra jendeari kutsadura ezabatzeko orain arteko sistema guztiek porrot egin badute? Oroimena bera ezabatzeari ekin diote agintariek, bost urte geroago Fukushimako istripuaren eta bere ondorioen jarraipen zorrotza egiten duen Fukushima 福島第  blogetik Pierre Fetetek.

Fukushima Daiichi zentral nuklearreko lau erreaktore matxuratuetako obrak airetik ikusita. (Argazkia: France Info)

2016ko martxoaren 11n - 17:23

Tokioko gobernuak erabaki du Fukushima eta Japonia oro derrigor normaltasunera itzultzea.  Hasteko, kutsatutako inguruetatik ihes egindako jende guztiek etxera itzuli beharko dute 2018rako. Erradiazio onargarriaren muga urteko 20 mikroSiervertetara igota, lekuz aldatutakoentzako diru-laguntzak ezabatuko dituzte.

Jendea kutsaduraren informazioak estresatzen duela eta, 2017an kendu egingo dituzte erradioaktibitatea neurtzeko tresnen %70.  Ordainetan, leku kutsatuetan bizi diren herritarrak prestatzen ari dira beren hondamendia kudeatu dezaten, kutsaduraren erdian bizirauten ikasiz. Ethos programa abiarazi du Fukushiman ere energia atomikoaren munduko lobbyak –Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea deitzen denak- Txernobylgo istripuaren ondoren egin zuen moduan.

Azkar konpondu beharreko arazoa da lur kutsatuzko 10 milioi zaku handiena. Batean eta bestean lagata daude, asko denborarekin zartatuta, edo uholdeek eramanda… Gobernuak agindu du 2020a baino lehen jendeen bistatik kenduko dituela gune bakar batean pilatzeko. Eskualde gaixoren batek irentsi beharko ditu isilik eta bortxatuta. Normaltasun irudia eman, horra lehentasuna… nahiz eta Fukushima Daiichiko erreaktoreetan oraindik ezin diren sartu ezta robotak berak ere, bertako erregai nuklearra –corium bihurtua- zertan diren ikustera.

“Nuklearra –dio Fetetek– erlijio bat da. Sinetsi egin behar da funtziona dezan, orain arte gertatutako 116 tiroideetako kantzerrei ezikusia egin, erradiazioaren neurgailuak desagertarazi eta, batez ere… diru asko jarri. Agintariek edozer egingo dute arriskuei buruzko egia ezkutatzeko Olinpiar Jokoak ongi pasatu eta Japoniak antzinako distira berreskura dezan. 2020rako dena egongo da txukun, Japonia benetan clean egonen da, coriumak izotzezko murru batek edukiko ditu preso, hondakinak behin-behineko gune tekniko batean pilatuta plastiko xarmant batek estalirik, kalte-ordainak kenduko zaizkien arren ez da egongo errefuxiaturik, 3. erreaktorea egitura eder batek zainduko du, zentraleko 8.000 langileek irribarre egingo dute eta haurrek, Shinzo Abe lehen ministroak esan bezala, futbolean jokatuko dute Fukushimako zeru urdinaren pean etorkizunari begira.

2011an Tepcok barkamena eskatu zuen hondamendi nuklearraren erantzukizunagatik; 2016an Tepcok barkamena eskatu du 2011ko katastrofeaz gezurretan aritu izanagatik; eta 2021ean, Olinpiar Jokuan bukatutakoan, zuen ustez zertaz gezurretan aritu izanagatik eskatuko du barkamena?”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude