Frantzian Collectif pour un Audit citoyen de la dette publique (CAC) elkarteak jakinarazi du une honetan Frantziak daukan zor publikoaren erdia baino gehiago, %59, ez legezkoa dela.
Zehazki, azken hogeita hamar urteotan Hexagonoko administrazioek metatu dituzten 1,950 bilioi euroko zorretatik, 600.000 milioi finantz erakundeek ezarritako interes tasa handiegiei dagozkie eta 500.000 milioi gehiago aberatsei eta konpainia handietako akziodunei egin zaizkien opari fiskalei.
Ekonomialariak eta finantzetan adituak daude CACren ikerlanaren atzean, tartean Michel Husson (Attac erakundekoa), Pascal Franchet (CADTM), Robert Joumard (Attac), Evelyne Ngo (Solidaires Finances Publiques), Henri Sterdyniak (Économistes Atterrés) eta Patrick Saurin (Sud BPCE).
Hauek azken balantzean argudiatu dutenez, "zorra handitu da Estatuak enpresa handiei eta familia aberatsei zergak barkatu dizkielako. Hain zuzen, estatuak Barne Produktu Gordinean (BPG) daukan parte hartea 5 puntuz jaitsi da azken 30 urteotan.
Estatuak dirutza horiek bereganatu balitu, gaur egun zor publikoa %24 txikiagoa litzateke, 488.000 milioi gutxiagokoa. Bestetik, interes tasa handiegiek 'elur-pilota' moduan eragin dute. Estatuak nazioarteko finantzen merkatuan dira biltzeko partez maileguak hartu balitu bertako herritarren eta bankuen artean, %2ko interes tasa erreal batean, gaur zor publikoa litzateke BPGren 29 puntuz txikiagoa, 589.000 milioi txikiagoa.
Attac erakundeak plazaratu ditu CACren ikerlanaren laburpenok ("59% de la dette publique est illégitime : stop à l’austérité!") justu Parisen Zorraren Festa ospatu behar den bezperatan. Joan den asteko ARGIAk azaldua du "'La fête de la dette', itotzen gaituen zorra irribarrez ulertzeko" kronikan.