argia.eus
INPRIMATU
Frantziaren aurkako helegitea aurkeztuko du Seaskak hizkuntz eskubideak urratzeagatik
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 13a
Seaskaren aldeko protesta bateko irudia.

Aurreko astean, Italiako ordezkariak proposatu zion hizkuntz eskubideak bermatzen ez direla jakinarazteko helegitea aurkeztea Unescon; Orain, gaia aztertu ondoren, Seaskak aintzat hartu du proposamena.

Erakundearen aurrean kexa aurkezteak efektu legalik ez badu ere, Frantziari nazioarteari begira “presioa egiteko” forma izan daiteke. Orain, beraz, idazki formala  egin behar du elkarteak.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak auziaren berri eman du Euskadi Irratiko Mezulari saioan. Haren aburuz, Frantziako estatuak hizkuntzak “hiltzeko programak” bultzatzen ditu. “Joku bikoitza” egiten duela esan du. “Frantziak giza eskubideen lezioak nahi ditu eman, baina bere etxean bertan hizkuntz eskubideak zapaltzen ditu”.

Europako erakundeak, bidelagun

Europako instituzioetan paratu du Seaskak ikusmira. Seaskako lehendakari Paxkal Indok nabarmendu du Unescorekin lan “sakona” egin nahi dutela. “Indar metaketa” osatu asmoz.

Bestalde, Europarengana jotzeaz ez ezik, kaleko mobilizazioa markatu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolak defendatzeko bidean. Hala, azaroaren 30ean Batera plataformak "blokeatze, mespetxu eta diskriminazioa"ren kontra antolatutako manifestaldira joateko deia egin dute. Protesta "seaskaren manifestaldia" ere izan badela sinesten dutelako.