argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourra Euskal Herrian ez dela ongi etorria aldarrikatuko dute bizikleta bira batekin
  • Herribiltza elkargoak dei egin du uztailaren 1etik 8ra bitartean Euskal Herritik ibiliko den bizikleta martxan parte hartzera. Independentzia aldarrikatzeko, herri mugimenduak bultzatzeko eta Frantziako Tourra gaitzesteko baliatu nahi dute ibilbidea, besteak beste.

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 23a

Herribiltzak hainbat arrazoi zerrendatu ditu salatzeko Frantziako Tourra ez dela ongi etorria Euskal Herrian. Kritika horiek errepideetara eramango dituzte uztailaren lehen astean, zortzi eguneko bizikleta bira batean. Elkarretaratzeak ere antolatu dituzte hiru hiriburutan: Bilbon uztailaren 1ean, Donostian uztailaren 2an eta Baionan uztailaren 3an. Bilbon hasi eta bukatuko da bira eta, aldatzen joango diren bizikleta lekuko bat buru dutela, herriz herri ibiliko dira. Zenbait herri mugimenduren artean txandakatuko dute lekukoa.

Euskal herritarren herri biltzarren elkargo gisa osatu zuten Herribiltza 2022an, eta honela definitu: “Euskal herritarron biziei buruz erabakitzeko boterea egiazkiz gure eskuetan izaitea bermatu nahi duen Euskal Herri osoko erakundea”. Hainbat ekintza egin dituzte azken hilabeteetan, frantsesezko seinaleak kentzea, esaterako. Orain, udako beste ekintza hau iragarri dute.

Herribiltzak biraren aurkezpen oharrean gogorarazi du Euskal Herriaren independentzia ardatz duela, eta horren baitan antolatu du ekimen hau ere, “Frantziako agintariek Euskal Herria zapaltzen dutelako”, besteak beste. Tourra gaitzesteko arrazoien artean, antolatzaileek azpimarratu dute panem et circenses politika salagarria dela: “Jendeari janaria eta jokoak eman, munduko arazo larriei eta bidegabekeriei arretarik eman ez diezaioten”.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioak ere kritikatu dituzte, Frantziako Tourra laguntzeagatik. Salatu dutenez, orotara 14,2 milioi euro publiko bideratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko Udalek.

Gogorarazi dute Tourraren ardura duen enpresak diru irabazi handiak dituela urtero, “langileen bizkar”, eta lasterketan bertan egiten duten publizitate karabana “lotsagarritzat” jo dute: “160 publizitate auto, 15 milioi publizitate objektu banatuta, eta abar”.

Auzi ekonomikoez gain, Herribiltzak ohartarazi du kutsadura eta beroketa klimatikoa eragiten dituztela horrelako ekitaldi handiek, hala nola Frantziako Tourrak, Vueltak, Mundialak eta Joko Olinpikoek, bidaiak eta kontsumoa direla eta. “Arduragabekeri hutsa” deritzote.

Herritarrei eta eragileei dei egin diete bizikleta biran parte hartzera, eta bizikleta lekukoa izan nahi duenak eurekin harremanetan jartzera. Hemen ikusi daiteke programazio osoa.