Frantziako Tour ezberdin hau atomikoa izanen da


2004ko martxoaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Sortir du Nucleaire sareak Europako beste hainbat talderekin antolatuta, energia atomikoaren kontrako Frantziako I. Itzulia eginen da apiril eta maiatzean. Energia atomikoari buruzko informazio eskubidea eta EPR (Ur Presiodun Erreaktoreak) zentral berriak ez eraikitzea aldarrikatuko dute. Golfech edo Blayais izenak arrotz zaizkigu euskaldun arruntoi, baina ez lukete hala izan behar: Akitanian guregandik oso kilometro gutxitara dauden zentral nuklear handiak dira. Bata Bordele ondoan eta bestea Agenetik oso urruti ez, antzina Waskonia izandako eta gaur Gaskoinia diren lurretan daude. Historiari begiratuta hurbileko lehengusuen eremuetan daude kokatuta, eta gaur egunera etorrita, horietako istripu batek erdiz-erdi joko gintuzke euskaldunok. Tour de France pour Sortir du nucléaire ibilaldia ez da Euskal Herritik pasako, baina aipatu bi zentral horietatik bai, eta sasoi onean den euskotar antinuklearrak bere aldarrikapenak azaldu eta Frantziak mugimendu antinuklear indartsuaren militanteak gertutik ezagutzeko aitzakia izanen du. Maiatzaren 8 eta 9an Golfech eta Agen aldean ibiliko da itzuliko karabana eta ondoko bi egunetan Bordele eta Blayaisen eginen dute egonaldia. Lau urtetan antolatu du Sortir du Nucleaire koordinakunde frantsesak mobilizazio berezien astea apiril bukaeran. Apirilaren 26 batean lehertu zen Txernobilgo zentral nuklearraren erreaktorea, munduan gaur arte ezagutu den kutsadura atomikorik gogorrena hedatuz. Gu baino sentsibleago dira europar gehienak Txernobilen gertatu zenarekin eta oraindik eragiten dituen ondorioekin. Hegoaldeko euskaldunok, aldiz, "Africa empieza en los Pirineos" egia dela eta horrek babesten gaituela sinesten dugu, antza. Aurten, aldiz, antolatzaileek Frantziako Tour bihurtu dute beren astea, azken aldian nuklearraren inguruan Parisko gobernuak atzerapauso nabarmenak eman dituelako. Estatuen gogortu nahi izatea ez da nonbait Aznarren eta Espainiako PPkoen monopolioa, eta 2003ko uztailean lege berri zorrotz bat atera zuen Raffarinen gobernuak: egun horrez geroztik zentral nuklearrei buruzko informazioa "Secret de Defense" delakoan sartzen da, eta ezin da holakorik argitaratu. Legearen ondorioak berehala ikusi dira: Sortir du Nucleaire mugimenduaren aldizkariak plazaratutako albisteak Internetetik kentzera behartu nahi izan du gobernuak, sekretupean edukitzekoak direlakoan. Hori gutxi bailitzan, 2003ko irailean gobernuak erabaki zuen edozein katastrofe nuklear gertatzekotan, operazio guztien burua Defentsako idazkari nagusia izango zela. Horra gaia alde batetik eta bestetik zerbitzu sekretuen eta militarren eskupean ipinia. Nuklearraren inguruan hainbeste gauza ote dago ezkutuan eduki beharrekoa? Bai, dirudienez. Herritarrek ezagutzen ez duten hainbat arriskuren berri hedatzen baitute militante ekologistek. Irregulartasunen zerrenda egunez egun doa luzatzen. Adibidez, iazko uda beroan zentralek ura erreketara legezkoa dena baino askoz beroago jaurti zuten. Blayaiskoak baimenik gabe hartzen du Garonako ura gero berriro ibairatzeko. Lurrikaren arriskuei atxikitzeko prestatu gabe daude zentral frantsesak. Kontrolik gabekoak dira hondakin nuklearren garraioak Frantzian barrena. Eta hori gutxiegi balitz, gobernuak iragarri du belaunaldi berriko zentral aurreratu bezala aurkeztu dituen ERP zentralak jarriko dituela. Antinuklearren iritzian benetako eztabaida gabe erabaki da hori. "Lurraren beroketa ala nuklearra: hauta ezazu" Aukera zorrotz horri erantzun beharra jarri dute mahaian zentral nuklearren aldeko indarrek. Lurraren beroketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak direnean, erregai fosilen erabilera (ikatzarena batik bat) gutxitzeko modu bakarra zentral atomikoak direla argudiatzen dute. "Nuklearra versus termikoa" dilema hori gezurrezkoa dela diote Sortir du Nucleaire sarekoek. Joan den uda beroan ikusi zenez, nuklearrek sarritan zentral termiko kutsagarrien lana areagotzea behar dute. Bestetik, dilema hori eraiki nahi dutenek "ahaztu" egin dute zenbait datu: herrialde aberatsetako kontsumoa aurreztea, energia berriztagarriak erabiltzea, kutsadura asko gutxitu duten zentral termikoak... Ordainetan, antinuklearrek horrela ikusten dute hautua: alde batetik "nuklearra + termikoa" eta bestetik "aurreztea + berriztagarriak + termikoak". Hori guztia dago eztabaidagai, justu Parisko gobernuak gaia "Defentsako Sekretupean" ipini nahi duenean. Badu horretarako motibo handirik: EPR zentral berriak eraikitzen hasi nahi dute eta horien inguruan egindako inbertsioak arriskuan ikusten dituzte agintari frantsesek. Frantziako lobby nuklearrak apustu gogorra egin du EPR horien alde, eta aldiz, Alemaniako gobernuak alderantziz jokatu du. 2003ko azaroan prentsa agiri ofizial batean hau esan zuen Alemaniako Ingurumen Sailak: "Industria nuklear europarrak EPR delakoa saldu nahi digu (alferrik) `etorkizuneko teknologia' bailitzan, benetan energia sortzeko bide inefikaza dena, arrisku handikoa eta historian atzera geratua". Ohar horretan EPRren propaganda hankaz gora ipini du: energia nuklearra Europa mailan zaharkitutako modeloa da, EPR ohiko erreaktore bat da bere arazo ezagun guztiak dituena (arriskuak, hondakinak, armagintzarako erabili ahal izatea, efikazia ttikia...) eta gainera Europako merkatu liberalizatuan ez da ikusten nola izan daitekeen konpetitibo. Raffarinen informazioa zentsuratu nahia eta EPR zahar-berriei stop esatea, horiek izanen dira Frantziako Tour berri honen helburu nagusiak. Frantzian jokatzen dena benetan garrantzizkoa delakoan, Greenpeace eta beste hainbat mugimenduk ere Europa mailako deialdia egin dute Tour honetan parte hartzeko. Apirilaren 24an Altsaziako Fessenheim herritik abiatuko dira, hor baitago Frantziako erreaktore nuklearra. Ondoko egun eta asteetan, Lorrena, Borgoina, Rhone ibarra, Akitania, Bretainia eta Normandian barrena ibiliko da karabana, maiatzaren 23an Rouen-en bukatzeko: hor eraiki nahi dute lehenengo EPR zentrala. Bidean, antinuklearrek borrokatzen dituzten zentral eta lantoki nuklearren ondotik pasako da karabana, baina baita energia berriztagarrien aitzindari eta eredu diren esperientzia eta enpresen ondotik ere. Karabana koloretsua izanen da: informazioa banatzen duen busa, energia aurrezten duten autoak, bioerregaiz mugitzen diren berebilak, karabanan doazenentzako kantina (Federatie kookkollektief Rampenplan taldearena), kamioi-eszenatokia ("Bussen theaterstraat")... Eta etapaburu bakoitzean izanen dira kanpoko eta bertako militante eta artistek eskainitako espektakuluak. Espainiatik atera ezin diren ehunka euskaldun auziperatu horietatik bat ez bazara, zorionekoa zu. Informazio gehiago: Sortir du Nucleaire sarea EPR zentralen deskribapena EDF konpainiak egina Golfecheko zentralaren kontrako elkartea Tchernoblaye, Blayais-ko zentralaren kontrako elkartea Info Nucleaire, oso gune aberatsa Greenpeace

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bretainia
2023-08-16 | Euskal Irratiak
Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz

220.000 biztanlek erregularki erabiltzen dute bretaindar hizkuntza. Emaitza aski arranguragarria, jakinez Bretaina historikoan 4 milioi biztanle badirela. Hori da bretaindarraren egoera gaur egun.


Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]


2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak

Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.


Iberdrolaren ontzi batek 16 kilometroko hidrokarburo isuria eragin du Bretainiako kostan

Aeolus ontziak astelehenean eman zuen isuriaren abisua. Konpondu artean, gertaturikoa ikertzen ari da fiskaltza.


Eguneraketa berriak daude