argia.eus
INPRIMATU
Frantziako romi kanpalekurik zaharrenetariko bat hustu dute
  • Bobignyko (Seine-Saint-Denis)  romi edo ijito kanpalekura sartu da Frantziako polizia asteartean, eta bertan bizi ziren 200 pertsona kanporatu ditu. Horietako hogeita hamarri bakarrik eskaini diete ordezko ostatu bat izateko aukera.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 22a
Bobignyko alkateak bultzatutako udal-dekretu baten bitartez hustu dute Coquetiers kanpalekua. (Arg: Liberation)

Bobignyko alkateak bultzatutako udal-dekretu baten bitartez hustu dute Coquetiers kanpalekua. Eskolatutako hainbat ume bizi ziren bertan, eta beraien ikastetxeko zuzendariak salatu duenez, poliziak debekatu egin die romiei hiriaren erdigunera joatea eta metroa hartzea.

“Diru sarrera finkoak” dituzten familiei ordezko ostatu bat eskaini diete, baina gainerakoek ez daukate nora joan. Kanpalekutik bota ostean, 50 romik Pariseko St. Louis ospitalera jo zuten ostatu bila, baina gauean poliziak kanporatu egin zituen handik ere.

20.000 ijito bizi baldintza txarretan

Coquetiers kanpaleku adierazgarria izan da Frantziako gobernuaren eta ijitoen arteko tirabiren historian, baina ez da Seine-Saint-Denis departamenduan dagoen kanpaleku bakarra; Frantziako romi kanpalekuen %20 dago hor.

Herrialde osoan 20.000 ijito inguru bizi dira ur edangarririk, argirik, berogailurik eta saneamendurik gabe.