argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Poliziak ezingo ditu drone bidez "migratzaileak kontrolatu" Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan
  • Ekainaren 28az geroztik, Frantziako Poliziak baimenduta zuen migratzaileak kontrolatzeko droneak erabiltzea Bidasoa ibaiaren inguruan. Migratzaileen defentsarako hiru elkartek, ordea, helegitea aurkeztu zuten berehala, eta Paueko Administrazio Auzitegiak gailuak erabiltzea debekatu du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 17a
Dronea erabiltzen, Frantziako Polizia / Argazkia: Gillaume Fauveau

Frantziako Poliziak ezingo ditu droneak erabili migratzaileak kontrolatzeko Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, Paueko Administrazio Auzitegiak hala erabakita. Ekainaren 28az geroztik Bidasoa ibaiaren inguruetako 22 kilometro koadroko eremuan gailuak erabiltzea ahalbidetzen zion Prefektuak Frantziako Poliziari. Baina neurria atzera bota du epaitegiak, epaileen esanetan pribatutasunaren eta familia biziaren eskubidearen "urraketa larria" eta "argiki legez kanpokoa" delako.

Ilazki Ortegok, Migratzaileen Defentsarako Abokatuen Elkarteko abokatuak, Kazetan azaldu du droneen erabilera baimentzen duen erabakiaren aurka egitea erabaki zutela, haien ustez “giza eskubideak urratzen” dituelako. Gainera, kontrol mota guztiz “arrazista” dela azpimarratu du, “azalaren kolorean oinarritutako” kontrola baita.

“Baimendutako eremua zinez zabala da, eta jendearen bizitza grabatzeko aukera zuen Poliziak”, gehitu du. Haren ustez, droneen erabilera hedatzen ari da, eta gailuak mugak kontrolatzeko erabili nahi izateak geroz eta kontrol handiagoa dagoela adierazten du.