Frantziako Legebiltzarrerako bozak: Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak aldatzeko zorian

  • Legebiltzarrerako bozak dira hil honen 10ean eta 20an Frantzian. Presidentziarako bozen bi itzulien ondoren, ezkerra eta zentro-eskuinaren arteko hirugarren tour de force da lehenengo hau. Gure lurraldean, 4., 5. eta 6. boz-barrutietako hautagaiak ari dira lehian.


2012ko ekainaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Collette Capdevielle PSko hautagaia 5. barrutian (Argazkia: Gaizka Iroz)

Ipar Euskal Herriko politikariak lehia gorrian ari dira dagoeneko. Frantziako Asanblea Nazionaleko eserlekuak dituzte xede. Gurean, hiru dira boz eremuak: 4. , 5. eta 6. barrutiak. Azken biek Lapurdi lurraldea hartzen dute. Lehenak, berriz, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati bat.

Hautagaien kopurua zinez zabala da, zabalegia aukeran. Hamairu zerrenda daude 4. eta 5. barrutietan eta hamalau 6.ean. Esaterako, esparru politiko bakoitzeko bizpahiru hautagai daude: zentro-eskuineko eta ezkerreko hiruna, ekologista bi. Kandidatura abertzaleak ere hiru dira: EHBai, Amalur (EA eta Berdeak/Ekologistak) eta EAJ. Aukera asko, anitzegia akaso. Izan ere, bigarren itzulian parte hartzeko hautagaitza minoritarioen proportzioa murritza baita benetan.

Hiru barruti hauetako diputatuen aulkiak zentro-eskuineko eta PSko hautagaien artean jokatzen dira, funtsean. Honako hauek izan dira orain arteko diputatuak: Jean Lassalle (zentroa) 4. barrutian. Jean Grenet (PRV) 5.ean. Michelle Alliot-Marie (UMP) 6.ean. Azken biak, eskuineko notableak, alderdi ezberdinen pean. Lassalle, berriz, ez da alderdien (UDF edo MoDem) pean aurkezten oraingoan. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Frantziako Legebiltzarrean zentro-eskuindarra izan da historikoki, alabaina, hiru hautagaiek ez dute egundaino aulkia horren kolokan izan. Hollande presidente berriaren aroan PSko hautagaiek diputatu izateko egundoko aukera dute. Hauek izaki hurrenez hurren: Frantxua Maitia (4.), Collette Capdevielle (5.) eta Sylviane Alaux (6.). Edonola ere, PSko hautagaiak nekez nagusituko dira lehen itzulian. Izatekotan, bigarren itzulian erabakiko dira diputatu berriak. Hirugarren tour de force ez ezik, laugarren baten beharra izanen da, antza denez.

Bigarren itzuliaren beharra

Zentro-eskuin zabalaren aitzinean, are anitzago den ezker-ekologista-abertzaleen hautagaitzak ere badaude. Lehen itzulian ezein hautagaik ez du deus onik erraiten arerioen alde. Konparazione, EHBaik ez du Alliot-Marie berriz diputatu ikusi nahi, ezta Baionako auzapeza Grenet ere. Sinpatiak begi-bistakoak dira. Alta bada, zein dira PSko jarrerak LGV (Abiadura Handiko Trenbidea) eta Ipar Euskal Herriaren (Lurralde Elkargoa) instituzionaltzeari buruz? Bigarren itzulian sostengua, gai horien inguruko negozaizioen arabera ebatziko da zalantzarik gabe. Bistan da, boz abertzaleek (EHBai, Amalur eta EAJ) ez dute tokian tokiko PSko hautagaia sostengatuko. Hots, atxikimenduak anitzak dira, eta hautagaien nahikariak ezberdinak barrutitik barrutira. Azken buruan, bigarren itzulian herritarrek erabaki ohi dute molde libreagoan.

Abertzaleen emaitzei begira

Zentro-eskuinaz harago –Front Nacional– eta Alderdi Sozialistaz honago –Nouveau Parti Anticapitaliste, Ekologistak, Lutte Ouvriere...– aukera abertzaleak daude. Hauek ere zatituta. EAJ eta EHBai bi aukera izatea normaltasunaren barnean ikusi behar da. Harridura gehiago sorrarazi du Amalur (EA eta Berdeak) hautagaitzaren aurkezpena, edo beste gisa batez erranik, EA ez izatea EHBain. Horri buruz bi irakurketa egin daitezke: bat, EAk iraganean Europako Ekologista/Berdeekin eraman duen ibilbide politikoari eutsi nahi eta behar izatea. Bi, Euskal Herrian bizi den aro  politiko berria oraindik aski ondua ez izatea. Hots, ildo politiko abertzaleek bidean bat egiteko hainbat urrats eman behar dituzte oraindik ere.

Dena dela ere, EHBai da etorkizuneko aukera abertzale sendoena, koalizio abertzale eta ezkerrekoa.  Anita Lopepe (4.), Laurence Hardouin (5.) eta Peio Etxeberri-Aintzart (6.) dira hautagiak. EHBairen aldarrikapen nagusia kanpainan  Euskal Herriaren ezagupen instituzionala da, baita Amalur eta EAJrena ere, bidenabar esanda. EHBairen indarra 4. hautes-barrutian nabari  da. Hautes-barruti horretan lortu izan dute abertzaleek bozen ehuneko handiena iraganean. Ordea, paradoxikoki, hautes-barruti horretan euskaldunek eta biarnesek bozkatzen dute. Zer nahi gisaz, lehen itzuliko emaitza neurgailu egokia izanen da hiru hautagaitza abertzaleen bozen indarra neurtzeko. EHBai jakitun da diputatu baten erdiesteko aukera murritza duela. Ororen buru, 2014ko herri eta kantonamenduetako bozak lantzen ari da EHBai. Lurralde Elkargoa zirt edo zarteko gaia izanen da orduan. 

Anartean, PSko Frantxua Maitia euskalduna da 4. barrutiko hautagai sozialista. Jean Lassalle biarnes zentristarekin lehiatzen ari da diputatuaren kargurako. Abertzaleen jarrera –EHBairena bereziki– erabakigarria izan liteke bigarren itzulian. Berriz ere, abertzaleen eta sozialisten arteko “joko” historikoa gauzatuko da.

Bake prozesu garaian

Iragan urteetan antzeko egoera bizi izan da Iparraldeko bozetan. Aurreko bake prozesuetan –Lizarra-Garazi edo Loiolakoak gogoan– boz kanpainak izan dira. Haietan,  ezagupen instituzionalaren eta euskararen ofizialtasunaz gain, bake eta normalizazio prozesua laguntzea eskatu zuten abertzaleek. Oraingoan ere, Euskal Herria: aterabide demokratikoa orain aldarrikapena ozen zabaldu dute.

Abertzaleek lehen urrats gisara, preso politikoen hurbiltzea eskatzen dute. Abertzalek, eta ia-ia alderdi politiko guztiek, baina ez gisa berean, eta, betiere, kanpainan eskatu ere. Anartean, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu ustezko etakideak atxilotu ditu polizia frantziarrak Landesetan. Antzekoak ere ezagutu ditugu aurreko hauteskunde kanpainetan. Kasualitatea? Kausalitatea?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurralde Elkargoa
2021-04-13 | ARGIA
14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxe aurreikusten dituzte bost urte barru Ipar Euskal Herrian

Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia egin dute 232 hautetsiek, bideokonferentziaz. Aurtengo aurrekontua eta Bizilekuen Tokiko Programa onartu dituzte, baina programa errefusatu eta “anbiziozko etxebizitza politika bat” aldarrikatu du hainbatek.


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du

Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.


2019-01-22 | Euskal Irratiak
27 proposamen helarazi dio Baterak Euskal Hirigune Elkargoari, gobernantzaren hobetzeko

Zortzi atal, 27 proposamen. Hona Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantzaren hobetzeko, Jean-René Etchegaray presidenteari eman dion txostena joan den larunbatean. Baterak, joanden irailetik eskualdeka, 16 herri desberdinetan bilkurak antolatu ditu oharren... [+]


2018-02-13 | Euskal Irratiak
Euskal Elkargoaren hizkuntza politika apirilean aurkeztu behar lukete, Arrabiten hitzetan

Hautetsiak eta euskalgitzako eragileek osatu lan batzordeak ari dira norabide hauen lantzen, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntz poltikarako arduradunak, Amikuzeko irratiaren estrenan azpimarratu daukun bezala.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
Ergela irakurriko duena

Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: “Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen... [+]


Eguneraketa berriak daude