argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Justiziak Lorentxa Beyrieren baldintzapeko askatasuna onartu du, prokuradorearen onespena falta da orain
  • Hilabete bat joan da epaileak onartu zuenetik Lorentxa Beyrieren aldeko baldintzapeko askatasun eskaera aztertzea. Eskaera, hirugarrenez egina zen. Epaileak euskal preso politikoa aske uzteari baietza eman dio baina “baldintza zorrotz” pean. Prozedurari bide emateko prokuradorearen oniritzia behar da orain.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 19a
Lorentxa Beyrie euskal presoaren askatasunaren aldeko ekitaldia, iragan ekainaren 21ean, Kanbon. Argazkia: Guillaume Fauveau.

Estatuko fiskalak edo prokuradoreak hamar egun ditu epailearen erabakiari helegitea jartzeko. Ostiral honetan jarriko balu, Lorentxa Beyriek presondegian jarraitu beharko luke, alta, prokuradorearen desmartxarik gabe 24 ordu iraganez gero, Beyriek Parisen ostatu har lezake.

Berria ostegunean ezagutarazi zen eta presoaren senideak pozarren daude, baina urduri ere bai: “Berri ona da, hirugarren aldiz eskaera egin baitugu. Epaileak onartu du, baina prokuradoreak eginen duenaren zain egotea gogorra da", adierazi zuen presoren ahizpa Amaia Beyriek.

Presoren ama Janine Beyrie mintzatu da Euskal Irratietan berriki, eta Lorentxa aske geratuz gero, non ostatatuko den eman du aditzera: “Lorentxa Lucio Urtubiaren etxean biziko litzateke”.

Lucio Urtubia militante anarkista nafarra oso ezaguna da, frankismoaren aurkako borrokalaria eta egungo euskal erresistentziaren ingurumarian engaiatua.