Klima larrialdiari eta etekin ekonomiko handien gaineko zergei lotutako erabakiak hartzen dituzten 21 politikari frantziarrek akzioak dituzte TotalEnergies petrolio eta gas multinazionalean, eta horrek eztabaida etiko eta politikoak planteatzen ditu, Mediapart-ek azaleratu duenez.
Etekin ekonomiko handiak dituzten enpresen gaineko zergari buruz eztabaidatu zuten otsailean Asanblea Nazionalean, eta orduan harrotu zuten erbia: zenbat diputatuk dituzte akzioak TotalEnergies boteretsuan? Zenbatek dituzte, beraz, beren bozkari eragin diezaioketen interes pertsonalak? Mediapartek eman dio erantzuna galderari, politikarien gardentasun dokumentuak aztertuz: hamabi diputatuk, sei senatarik eta hiru ministrok parte-hartzea dute petrolio eta gas multinazional taldean.
Herriak hautaturiko funtzionarioek multinazional taldean inbertitzea legala da, baina eztabaidagarria izan daiteke, enpresa energetiko handiak ari direnean bizi dugun inflaziotik etekina ateratzen. Hala dio Mediapartek, eta nabarmentzen du ikuspegi deontologikotik eta politikotik galderak planteatzen dituela, klima aldaketa larriagotzen ari den garaiotan, erregaien prezioa igotzen eta TotalEnergies moduko taldeak etekin ekonomiko handiak ateratzen ari direnean, jakinik akziodunak eurak direla etekin horiek jasotzen dituztenetako batzuk. “TotalEnergies-ek berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen ditu Frantziako herritar guztiek bezainbeste, eta ez du Frantzian sozietateen gaineko zergarik ordaindu 2019 eta 2020 urteetan. Ukrainako gerra hasi zenetik, bere akzioen prezioa %30 inguru handitu da, eta horri esker 2022an 19.100 milioi euroko etekin netoa lortuko du, errekorra”, dio hedabideak.
Aipaturiko hogeita bat agintariek politikoki defendatu eta bozkatu dutenaren inguruan ikerketa egin du Mediapartek: tartean dira Gas Natural Likidotua inportatzeko azpiegituraren alde eta etekin handiei zerga ezartzearen kontra bozkatu duen senataria eta aerosorgailuak murriztearen alde egin duen diputatua. Pap Ndiaye Hezkuntza ministroak, adibidez, 6.000 euro baino gehiago ditu akziotan, eta TotalEnergiesek gutxienez 1,4 milioi euro bideratzen ditu urtero lehen eta bigarren hezkuntzara, kritika ugariren artean.
Zeintzuk dira?
Hogeita bat agintari horien artean gehiengoa presidentetza duen alderdikoak dira, Macronen alderdikoak. Hau da zerrenda guztia: diputatuen artean, Jean-Luc Warsmann (independentea), Jean-Pierre Pont (Macronen alderdikoa), Sabine Thillaye (zentrokoa), Jean-Marie Fievet (Macronenena), Laurence Cristol (Macronena), Marc Le Fur (Errepublikarrak eskuindarra), Graziella Melchior (Macronena), Frédéric Petit (zentrokoa), Nicolas Ray (Errepublikarrak) eta Nicolas Turquois (zentrokoa); Asanblea Nazionaleko presidente Yaël Braun-Pivet (Macronena); senatarien artean, Jean-Louis Masson (Le Penen eskuin muturra), Philippe Dominati (Errepublikarrak), Agnès Canayer (Errepublikarrak), Catherine Dumas (Errepublikarrak), Lucien Stanzione (Alderdi Sozialista), Gilbert-Luc Devinaz (alderdi sozialista) eta Marie Mercier (Errepublikarrak), eta ministroen artean, Amélie Oudéa-Castéra (Kirola), Pap Ndiaye (Hezkuntza) eta Agnès Firmin Le Bodo (Osasuna).