argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuak kontrolak areagotu ditu Estrasburgoko tiroketaren ondoren
  • Hiru hildako eta hamahiru zauritu zenbatu dituzte dagoeneko Estrasburgon asteartean izandako tiroketaren ondorioz, horietatik zortzi egoera larrian daude.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 12a
Polizia operatiboa Estrasburgon. Argazkia: @eldiarioes

Estrasburgo erdialdean egin ohi den Gabonetako merkatuaren inguruan jazo da tiroketa. Frantziako Barne ministro Christophe Castanerrek adierazi duenez, “poliziak erasotzailea idenfikatu du, baina ihes egitea lortu du”. Parisko Fiskaltza Antiterroristak gertakarien inguruko ikerketa ireki du.

Ohiko delinkuentziagatik Alemanian eta Frantzian aurrekariak dituen 29 urteko ustezko erasotzailearen bila ari dira segurtasun indar frantsesak. 350 polizia eta jendarme mobilizatu dira bilaketa lanetan.

Laurent Nunez Frantziako Barne ministerioko idazkariak France Info irratian jakinarazi duenez, “tiroketaren ustezko arduradunak ez du inoiz terrorismo deliturik egin eta motibazio terrorista ez dago ezarrita oraindik, zuhurtziaz jokatu behar da”. Erasotzaileak herrialdetik ihes egin izanaren hipotesia ere ez du baztertu.

“Segurtasun egoera larria” izanik, Gobernuak kontrolak indartu ditu Frantziako mugetan eta Gabonetako merkatuetan. Prefeturaren aldetik, dei berezia egin die tiroketa gertatu den inguruko auzoetako bizilagunei etxe barruan geratzeko eskatuz.