Manuel Valls lehen ministroak Frantziako Gobernuaren dimisioa aurkeztu du astelehen goizean, Hollandek bultzatutako murrizketa politikek sortutako desadostasunen ondorioz. Gobernu talde berria asteartean aurkeztuko dutela iragarri du Hollande presidenteak.
Martxoan hartu zuen gobernuko agintea Vallsek, Frantziako udal hauteskundeetan sozialistek izandako emaitza txarren ostean. Bost hilabeteren ondoren, gobernua desegiteko erabakiaren berri eman dio François Hollande presidenteari, krisi ekonomikoari aurre egiteko hartutako erabakiek sortu duten eztabaidaren eraginez.
Hain zuzen, Arnaud Montebourgen Ekonomia ministroak eta Benoit Hamon Hezkuntza ministroak asteburuan egindako kritiken atzetik iritsi da Vallsen erabakia. Montebourgenek Parisek bultzatutako “austeritate politikak” baztertu behar zirela esan zuen. Hamon ados azaldu zen honen esanekin eta Alemaniak ezarritako bidetik irteteko eskatu zion Hollandi.
Ministroen esanak ez dira begi onez ikusi Parisen, nahiz eta Monterbourgek esan Gobernuarekiko elkartasuna ez duela urratu. “Ez dut uste ministro izateari utzi behar diodanik eztabaida batean nire jarrera zein den argitzeagatik”, esan du. Baina Valls ez da iritzi berekoa eta Ekonomia ministroak “lerro horia” gainditu zuela zabaldu dute gobernuko iturriek.
Hollandek babesa agertu dio Vallsi eta asteartean aurkeztuko den gobernu talde berria “bere ideiekin koherenteagoa” izateko eskatu dio. Bitartean, astelehen arratsaldean desegin den gobernuko kideekin banaka elkartuko da, Frantziaren politika ekonomikoarekiko duten iritzia jaso asmoz.