François Hollande Frantziako presidentearen urtebeteko agintaldiaren harira, Ezkerreko Fronteak salatu du beste eredu sozio-ekonomiko bat helburu lukeen aldaketa zantzurik ez dagoela. Jean Luc Mélenchon Ezkerreko Alderdiko buruak austeritate politika kritikatu eta Seigarren Errepublika aldarrikatu du.
Ezkerreko Frontea koalizioa bi alderdik osatzen dute: Mélenchonen Ezkerreko Alderdiak eta Pierre Laurent buru duen Alderdi Komunistak. Parisen egindako agerraldian Hollanderen urtebeteko ibilbidearen balorazio mikatza egin dute biek.
Frantziako presidentea zuzenean aipatu gabe, Bosgarren Errepublika ordezkatzen duten instituzioek ezarri duten eta "kontroletik kanpo dagoen errege txikiaz" mintzatu da Mélenchon. "Monarkia bertikalaren ikurra da Bosgarren Errepublika", esan du Ezkerreko Alderdiko buruak: "Batzar konstituziogilea deitzen dugun sistema hau bertan behera utzi eta Seigarren Errepublika aldarriaktu behar da".
Austeritate politikek herrialdea "hondamendira" daramatela dio Mélenchonek. Era berean, frantziar herriaren "subiranotasuna" aldarrikatu du, Europako instituzioen eta Nazioarteko Moneta Funtsaren gainetik legokeena.
Bere aldetik, Alderdi Komunistako buru Pierre Laurentek esan du frantziar gehienek aldaketaren aldeko hautua egin zutela duela urtebete. "Gainbehera sozialarekin, autoritarismoarekin eta arrazismoarekin hausteko nahia agertu zuten", adierazi du. "Urtebete igarota deskalabrua eta gorrotoa dauzkagu. Horrela jarraitzea porrotaren ideologia litzateke diruaren indarren aurrean".