Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua %30era iristea baita.
Urtebeteko blokeoa gainditu ostean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurrekontuaren emendatzea jaso du azkenean, baina ez espero zen neurrian. Ekainaren 26an EEPren asanbladan, Frantziako Estatuaren ordezkariek, Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Hezkuntza Akademiako zuzendariak iragarri dute Parisek 100.000 euro gehiago emango dizkiola erakundeari. Neurri horrekin, Estatuaren ekarpena 860.000 eurotik 960.000 eurora handituko da, eta euskararen “garapenari, sustapenari eta zaintzari” atxikimendua berretsi diote.
Hala ere, euskalgintzako eragileek hainbat iritzi plazaratu dituzte: askok uste dute inbertsioa ez dela nahikoa, eta Estatuaren erabakia urrun gelditzen dela Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaren erronketatik. EEPk berak 2023ko urrian abiatu zuen gogoeta prozesuan nabarmendu zuen partaide bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago inbertitu beharko lituzkeela, egituraren egonkortasuna eta hizkuntza politika "sendoa" bermatzeko.
Euskal Hirigune Elkargoak lehenengo urratsa eman zuen iazko aurrekontua 650.000 eurora handituta, eta Akitania Berriak 100.000 euro gehiago emateko asmoa adierazi zuen Herri Urratsen. Departamentuak, berriz, inbertsioaren kontra egin du orain arte, finantza egoera ez dela egokia argudiatuta. Egun, Frantziako Estatuaren mugimenduaren ondoren, ikusteko dago gainerako erakundeek urrats berdina emango duten.
Hiztunen %30
Hiztunen %30era iristeko helburua daukate eta EEPk iaz aurkeztu zuen prospektiba lanak bide hori irudikatu zuen, hezkuntza arautuan eta helduen formakuntzan sakontzeko beharra nabarmenduta. Baina orain arteko egindako inbertsioak ez dira nahiko izango jauzi hori egiteko. EEPren egoera "krisi" egoera dela eta estatuak egindako inbertsioa ez dela nahikoa izango aipatu dute hainbat eragilek.