Frantziako Errepublikako dokumentu administratiboak biltzen dituen Egunkari Ofizialak (Le Journal Officiel) 2016ko urtarrilaren 1ean utziko dio paperean inprimatzeari. Hedapen helburuak hobeto betetzeko eta gastuak murrizteko xedearekin hartu dute egunkaria modu digitalean soilik eskaintzeko erabakia.
Beheranzko joera nabarmena izan du azken urteetan Egunkari Ofizialaren papereko edizioak. 1997tik 2014era bitartean, 48.913 harpidedun izatetik 2.489 izatera pasatu ziren. Edizio digitalean berriz, alderantziz gertatu da prozesua: 70.000 harpidetzatik gora dauzka jadanik, eta 2014an %48 igo zen interneteko orriaren ikustaldi kopurua.
Frantziako egunkari zaharrenaren oinordeko da Egunkari Ofiziala. 1631n Teofrasto Renaudotek Frantziako lehen egunkari bezala ezagutzen den La Gazette egunkaria sortu zuen. 1869an izenez aldatu eta Egunkari Ofizial izatea pasatu zen idatzizko prentsaren aitzindaria.
384 urteren ondoren, Frantziako lehen egunkari hark hasitako aroari amaiera emanen dio urtarrilean Egunkari Ofizialaren paperezko edizioaren desagertzeak.