argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Asanblea Nazionalak atzera bota du Asilo eta Immigrazio Lege proiektua
  • Krisi politiko handia eragin dezake diputatuen gehiengoak zentsura mozioaren alde bozkatu izanak legearen eztabaidaren lehen egunean. Barne ministro Darmaninek  dimisioa aurkeztu dio presidenteari, baina Emmanuel Macronek ez dio onartu.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 12a
Gerald Darmanin // Argazkia: Wikimedia Commons

Frantziako Asanbleak atzera bota du Asilo eta Immigrazio Lege proiektua eta bertan behera geratu da asteotan egitekoa zuten lege proiektuari buruzko eztabaida; izan ere, Parlamentuko gehiengoak ezustean onartu du ekologistek aurkeztutako zentsura mozioa, 270 aldeko botorekin. Ezkerreko diputatuenaz gain, Errepublikanoen eta Batasun Nazionaleko ordezkarien babesa ere eskuratu du mozioak. 265 izan dira kontrako botoa eman dutenak. Hala ere, Frantziako Gobernuko bozeramaile Olivier Veranek adierazi du Senatuaren eta Asanblearen arteko batzorde misto bat eratuko dutela, zazpi diputatuk eta zazpi senatarik osatua. Hala, legea pasarazteko aukerak izango lituzke gobernuak.

Erreakzioak

Zentsura mozioa onartutakoan Darmaninek dimisioa aurkeztu dio Frantziako presidenteari, baina Macronek ez dio onartu. Darmaninek “porrot politikotzat” hartu du lege proiektuaren eztabaida bertan behera geratu izana, bere ibilbidea oztopatuz.

"Errefuxiatuekiko diskurtso xenófobo eta estigmatizatzaleak baino gehiago, guztion oinarrizko eskubideak bermatuko dituen migrazio politika bat" aldarrikatu dute migratzaileen babeserako elkarteek. Lege proiektua behin-betiko baztertzea eskatu diote Frantziako Gobernuari.