Armada frantsesean sexu biolentzia jasan duten biktimak babesten ditu Themis bulegoak. Aurtengo apirilean sortu dute, eta zortzi hilabetean 66 kasu bildu ditu. Biktimen hamarretik ia bederatzi emakumeak dira.
Le Mondek jaso duenez, Bernard Ducateau Themiseko buruak eman ditu datuak Defentsa Ministerioko prentsaurrekoan. “192 dei jaso ditugu, baina deien bi herenak lantokietako jazarpena salatzeko ziren”. Themisek beste herena aztertu du, “sexu jazarpen, biolentzia edo bazterketa kasu kezkagarriak” biltzen dituena.
66 biktima horietatik, %83 militarrak dira eta %17 zibilak. Emakumeak dira ia denak, %88.
“Gerra ikusezina” izeneko liburuan salatu zuten Leila Minano eta Julia Pascualek armadetako sexu-biolentzia. Argitalpen horren ostean hartu zituen Jean-Yves Le Drian defensa ministroak biktimak babesteko neurriak.
Ducateuk adierazi duenez, eraso asko Themis bulegoa sortu aurretik gertatu ziren (66tik 53), eta “biktima asko ez dira ausartzen duela urte batzuk gertatutako kontuak salatzera”.