argia.eus
INPRIMATU
Frantziak soldadutza boluntarioa ezarriko du 2026ko udatik aurrera
  • Soldadutza boluntarioa egiteko aukera izango da Estatu Frantsesean 2026ko udatik aurrera, ostegun honetan Emmanuel Macron errepublikako presidenteak iragarri duenez. Zerbitzuak hamar hilabete iraungo du eta, ondoren, herritarrak erreserbara pasatuko dira. Gaur egun, soldadu profesionalez osatuta dago armada.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko azaroaren 28a
Conflits / CC BY-SA

Zerbitzu militarreko epea bukatu ondoren, boluntarioek soldadu profesional gisa jarraitu ahal izango dute Frantziako Armadan edo bizitza zibilera itzuli, baina azken kasuan erreserbista gisa geratuko lirateke. Hau da, horrek esan nahi du armadara deitu ditzaketela, egoki ikusten dutenean. Horrela, Eliseoko aurreikuspenen arabera, lehenbiziko saioan armadak 10.000 erreserbista izango lituzke eta 2035erako 50.000.

Aspaldi ari dira Frantziako agintariak ideia horrekin bueltaka eta Macron presidentearen esanetan, soldaduska molde berria ezinbestekoa da Errusiaren balizko eraso bati behar bezala erantzuteko: “Belaunaldi berria prest da aberriaren alde egiteko eta gure gazteak konpromiso gose dira”.

Agintari askok egiten dituzte molde bereko adierazpenak eta, aste honetan bertan, Fabien Mondon Armadako Estatu Nagusiko buru berriak adierazi du posible dela datorren urteetan Errusia edo Txinarekin gerra bat izatea, eta gerra batean sinesgarriak izateko herritarrek horretarako prest izan behar dutela: “Prest izan behar dugu gure seme-alabak galtzeko”.

Oro har, inkesten arabera, Frantziako herritarrak ez daude deseroso iragarpenarekin, baina zerbitzuaren ezaugarrietan badira iritzi desberdintasunak. Macronek iragarri duen zerbitzuan soldaduek 900-1.000 euro artean patrikaratuko lituzkete, eta Frantzia Intsumisoak dagoeneko jakinarazi du horren aurka dagoela eta, gutxienez, boluntarioek Frantziako gutxieneko soldata eraman beharko luketela, hots, 1.426 euro.

Derrigorrezko soldadutza 1996an ezabatu zuen Jacques Chirac presidenteak, Gerra Hotzaren ondoren horrelakorik ez zela behar iritzita. Hamarkada bat beranduago, eta Ségolène Royalen ahotik, PSk iragarri zuen akatsa izan zela neurri hori, eta Marine Le Pen eskuin muturrekoak proposatu zuen zerbitzu militarra berrezartzea, baina hiru hilabeteko iraupenarekin.

Bide beretik Europako beste hainbat herrialdetan

Alemanian ere ezinbesteko ikusten dute Errusiaren balizko erasoaren aurrean prest izatea eta, seguruenik, 2026aren hasieran sartuko da indarrean soldadutza boluntarioa. Hamabost urte eta gero, 18 urteko aleman guztiei bidaliko zaie gutuna galdetzeko ea soldadutza egin nahi duten; baiezkoa ematen dutenek, eta onartuak badira, sei hilabeteko soldadutza egingo dute.

Erresuma Batuan, 1960an ezabatu zuten derrigorrezko soldadutza, eta harrez gero armada profesionala dute. Ez dituzte izaten behar beste soldadugai, baina oraingoz ez dute berriz derrigortzea aurreikusten, agintarien aburuz ez baita eraginkorra eta, gainera, bideraezina litzateke. Erreserba taldea handitzearen aldeko apustua egingo dute.

Polonian, 2008an ezabatu zuten derrigorrezko soldadutza, baina Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, armada handitzen ari da eta 2035erako 300.000 soldadu izan nahi ditu. Soldadutza egin dutenak erreserbara pasatzen dira. Horrez gain, 14 urterekin eskolan instrukzio militarra egiten dute 14 urteko nerabeekin, eta gaztetxoek ibilaldiak eta tiro ariketak egiten dituzte.

Suedian, 2010ean kendu zuten derrigorrezko soldadutza, baina 2017an berrezarri. 18 urteko gazteak –gizonezkoak zein emakumezkoak– urtero aurkeztu behar dira deialdi batera, eta horietatik armadak behar dituenak hartzen ditu, %5-10. Soldadutza egin nahi ez dutenentzat derrigorrezko zerbitzu zibila dute, edo erreskate zerbitzuetan edo babes zibilean.

Finlandian, gizonezkoentzat soldadutza derrigorrezkoa da eta emakumezkoentzat boluntarioa, sei eta hamabi hilabete artean irauten du eta, gutxi gorabehera, deitutakoen bi herenak hartzen dituzte. Ondoren, gizonezko gehienak erreserbara pasatzen dira.

Lituanian 2015ean berrezarri zuten derrigorrezko soldadutza, eta urtero 3.500 gizonezko deitzen dituzte armadara; ondoren, erreserbara pasatzen dira.