Laborarien eta sindikatuen presioari men eginez, Frantziako Gobernua nekazariak babesteko neurriak hartuko dituela ari da iragartzen. Macronek ziurtatu du bi egunetan hartuko dituela hainbat neurri.
Neurriei buruzko azken iragarpena Emmanuel Macron Frantziako presidenteak berak egin du. Bestalde, ostegunean, otsailak 1, Europar Batasunarekin hainbat neurri berriz negoziatzen saiatuko dira Macron bera eta Nekazaritzako ministroa. Besteak beste, soroak lugorri uztea amaitzea eskatuko dute eta Ukrainatik heltzen zaizkien produktu kopurua murriztea.
Joan den asteburuan, berriz, Gabriel Attal lehen ministroak Europar Batasunaren kudeaketa hartu du jomugan.
Italiatik eta Espainiatik sartzen denaz kexu
EITBk jaso ditu asteburuan Gabriel Attal lehen ministroak esandakoak. Igandez, hitzaldia eskaini zuen Attalek eta independentziaz eta subiranotasunaz aritu zen. Haren ustez, bereziki Italia eta Espainia lehia desleiala egiten ari zaizkio Frantziari. Produktuak merkeago iristen dira Frantziara, eta horrez gain, bi herrialde horietako produktuek ingurumen-neurri malguagoak dituzte. Hala adierazi du Attalek: “Lehia desleialaren aurkako borrokari eutsiko diogu. Gure nekazariei zenbait arau (fitosanitarioak) ezartzen zaizkie, eta beste batzuei ez". Lehen ministroaren arabera, gutxienez fruta eta barazkien %40 inportatu egiten da, batez ere Italiatik eta Espainiatik. Gehitu du inportazio portzentajea halakoa dela Frantziak berak ezarritako ingurumen-arauak eragozpen bihurtzen zaizkiolako. Europar Batasunaren kudeaketa zalantzan jarri du eta aurreratu du Europar Batasuneko kideei “neurri gehiago” proposatuko dizkiela Frantziaren elikadura subiranotasuna blokatzeko.
Laborantza sektoreak Europar Batasunak dituen hainbat itun kritikatu izan ditu. Horietako bat da Mercosurrekin egina duen akordioa. Horren arabera, Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguaiko produktuak sartzen dira Europar Batasunean.
Paris inguruak, blokeatuta
Goizean goizetik, Parisen aldirietako hainbat errepide blokeatu dituzte laborariek. Libération egunkariak azpiko infografia egin du.