argia.eus
INPRIMATU
Frantziak Ibon Fernandez presoaren eskubideak urratu dituela ebatzi du Estrasburgoko Auzitegiak
  • Lasarte-Oriako presoari esklerosi anizkoitza gaixotasuna diagnostikatu zioten 2000ko hamarkadan, Frantziako Lannemezaneko espetxean zegoela. Horren karietara aske uzteko eskatu zuen presoak, Frantziako auzitegiek ukatu zioten, eta azkenean Europako Giza Eskubideen batzordeak arrazoi eman dio. Gaur egun, Martuteneko espetxean dago, hirugarren graduan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko abenduaren 4a
Ibon Fernandez 2010eko argazki batean, Frantziak Espainiara egotzi zuenekoa. EFE

Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, 2013ko martxoan eta urrian osasun azterketak egin zizkioten Ibon Fernandez presoari Frantziako Estatuan, eta ondorioa argia izan zen: bere gaixotasunak eguneroko zaintzak behar zituen eta diziplina askotariko mediku zaintza, horregatik bere osasun egoera eta etengabe espetxean egotea ez ziren bateragarriak.

2014ko ekainean Zigorren Aplikazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen bere espetxe zigorra, arrazoi medikuetan oinarrituta. 2015eko maiatzean, aldiz, Zigorren Aplikazio Ganberak atzera bota zuen zigorraren etena, eta Fernandezen osasun egoera eta espetxean egotea bateragarriak zirela ebatzi zuen.

Azkenean, Fernandezek eta haren izenean jardun duen Maritxu Paulos Basurko abokatuaren taldeak Estrasburgoko Auzitegira jo zuten, eta azken horrek presoaren alde erabaki berri du. Ebazpenean, auzitegiak erabaki du Frantziako Estatuak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu duela eta presoari tratu iraingarria eman diola. Hori dela eta, Frantziak 10.000 euro ordaindu beharko dizkio Fernandezi zigor gisa, eta auziaren kostua ordaindu beharko du, 11.840 euro.

Fernandez Iradi preso lasartearra 2003az geroztik dago preso, Frantziako Estatuan atxilotu ondoren. Denbora gehiena Frantziako espetxeetan egin du eta 2020az geroztik Euskal Herrian dago, Martuteneko espetxean. Gaur egun hirugarren graduan dago.