argia.eus
INPRIMATU
Frantziak Gazara bidalitako itsasontzi-ospitalearen gaitasuna: "Lau zauritu larri arta ditzakegu"
  • Radio France Frantziako irrati publikoen sarea egon da Tonnerre izeneko ontzian eta goiz honetan zabalduriko erreportajean jakitera eman du ospitaleko oheak ia hutsik direla, mediku eta artatzaile eskasagatik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko azaroaren 03a
Tonnerre ontzia, Frantziako armadarena. Argazkia: Wikipedia

Urriaren 25ean Frantziako Gobernuak Tonnerre ontzia Gazako kostaldera eraman izana anitz aipatu zen Frantziako komunikabideetan. Emmanuel Macron presidenteak eman zuen "Gazako ospitaleen laguntzeko" asmoz harturiko erabakiaren berri. Bertan egon da France Radio irrati sare publikoa eta azpiegiturak gaur egun daukan gaitasunaren berri eman du azaroaren 3 honetan: mediku eskasagatik ospitaleko oheak ia hutsik daude. Ontziko komandanteari galdetu dio kazetariak zenbat kolpatu artatzeko aukera duten eta horra erantzuna: "Oso larri dauden bi eta beste bi kolpatu larri".

Gazako herritarren arta behar gorria ikusirik, harrigarria bezain galdagarria da Frantziako Estatuaren postura hori. Osasunaren Mundu Erakundearen datua da: Gazako 35 ospitaletatik hamasei funtzionatu ezinean daude, Israelen erasoen eraginez. Osasun egoera oso larria da Gazan eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEren arabera 20.000 palestinar daude gogorki kolpaturik eta arta lortu ezinean.

Zipre eta Libanotik hurbil kokatua du ospitale bihurturiko itsasontzia. 200 metroko luzerakoa, 750 metro koadroko ospitalea du, operazioetarako bi gunerekin eta orotara 69 ohe eskaintzen ditu –gehiago ere gehitzeko aukerarekin–.

Frantziako Armadaren ministro Sebastien Lecornuk argi utzi nahi izan du: Frantziak "baliabide batzuk" jarri ditu, baina guztia ezin du eta beste herriei eskatzen die ontziaren osaketan parte hartzea.

Ontzia ia hutsik dagoen bitartean, komunikazioan jarraitzen du Parisek: Macronek azaroaren 2an jakitera eman du bigarren ontzi bat bideratuko duela: Dixmude izenekoa da eta hau ere ospitale bihurturikoa.