argia.eus
INPRIMATU
Frantziak ETArenak ziren armak eman dizkio Espainiari
  • Espainiako hedabideetan zabaldu den berria da: Frantziak ETAri hartutako armak eta dokumentazioa entregatu dizkio Espainiako Gobernuari. Frantziako medioetan ez da hainbeste zabaldu berria. Alta bada, bake eta normalizazio prozesua Frantziako eskutik doa.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko otsailaren 09a
Espainiako presidente Mariano Rajoyk eta Frantziako presidente ohi François Hollandek "Memoire vivante" operazioa orain urte bat adostu zuten.

Espainiako EFE agentziaren arabera, materialen entregak talde armatuaren krimenen ikerketa bultzatuko du. Materialaren barnean dokumentuak daude, eta orotara 50 inguru dira Frantziako justiziak bideratutako sumarioak.

Sud-Ouest egunkariaren arabera, El Mundo egunkariaren informazio iturria baliatuz, armategia eta dokumentu hauei esker, 300 bat gertakari argitu liteke. EITBk erran duenez, Espainiako Barne Ministerioak Memoire vivante izena jarri dio operazioari. Gasteizen dagoen Terrorismoaren Biktimen Memorialaren esku jarriko omen dute materiala.

Ministerioaren beraren berbetan, ETAren ziren armak gaur entregatu badira ere, Espainiako presidente Mariano Rajoyk eta Frantziako presidente ohi François Hollandek operazioa orain urte bat adostu zuten.

Anartean, Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua Frantziako Justizia Ministerioren eskutik doa.