Frantziako Gobernuak Turkiako talde ultranazionalista Otso Grisak legez kanpo utziko duela iragarri du asteazken honetan, hainbat protesta bortitzetan eta armeniar eta kurduen kontrako ekintzetan parte hartzeagatik.
Otso Grisak erakunde ultranazionalista debekatu egin dute Frantziako Estatuan. Hala iragarri du Gerald Darmanin Barne ministroak.
Otso Grisen taldea manifestazio armatu izaera duten indarkeriazko ekintza askotan inplikatuta egon dela dio gobernuak zabaldu duen dokumentuak. Urriaren 28an Isen istiluan izan ziren Otso Grisak tarteko. "Armeniarrak hilko ditugu", "Hemen dago Turkia", "Zuen etxean gaude, puta-semeen taldea" eta "armeniarrak, terroristak" oihukatu zuten.
Turkiaren erantzuna
Turkiako Gobernuak adierazi du, "erantzun gogorragoa" emango diola Frantziako Gobernuaren erabakiari. Frantziako Gobernua armeniarren interesen preso bihurtu dela adierazi du Turkiako Gobernuak: "Frantziako Gobernuak beste behin ez ditu aintzat hartzen armeniarren diaspora fanatikoak gure herritarren eta diplomazia misioen aurka egindako probokazioak, mehatxuak eta erasoak. Gaur egun indarkeriari aurrea hartzeko aitzakian hartutako jarrera hipokrita eta probokatzaile horrek berriz ere gogorarazten digu Frantziak historia negatiboa duela PKK eta FETla bezalako erakunde terroristen aurkako borrokan".