argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren krimenen kontrako kereila
Frankista inputatuei galdeketa egiteko Serviniren eskaerari entzungor egin dio Madrilek
  • Frankismoaren biktimen abokatuek salatu dutenez, Espainiako Justizia Ministerioak ez du tramitatu 18 inputaturi deklarazioa hartzeko epaile argentinarrak egindako eskaera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko apirilaren 05

Ia hilabete igaro da Maria Servini de Cubria epaileak Espainiari exhortoa edo eskaera egin diola, tortura eta hilketen erantzule liratekeen 18 frankistari galdeketa egin ahal izateko. Auzia daraman abokatu taldeak salatu duenez administrazio espainiarrak oraindik ez du inolako erantzunik eman.

Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak idatzi bat helarazi zion joan den ostegunean Justizia Ministerioari, eskatuz igorri dezala “premia handienarekin” epaile argentinarraren exhortoa Auzitegi Nazionalera. Euren esanetan Espainiako Justizia entzungor egiten ari da Argentinarekin sinaturik duen estradizio eta babes juridikorako tratatuari, eta “oso larritzat” jo dute hori.

Servini de Cubriak apirilaren 4 eta 22 artean hartu behar zien deklarazioa frankista inputatuei, baina jakitera eman duenez prozedura hori oraingoz ezin izango da bete Espainiaren jarrera dela-eta.

Exhortoak dio frankismoaren krimenen kontrako kereilan  “gertaera ankerrak eta gizateriaren kontrakoak" ikertzen ari direla, tartean "torturak, hilketak, bortxazko desagertzeak eta adingabeen lapurretak”.

Horren harira, auzian inputaturiko frankista eta ustezko torturatzaileak galdekatzea eskatzen du, besteren artean Rodolfo Martín Villa eta José Utrera ministro ohiak, Antonio González Pacheco Billy el niño polizia eta Jesús Muñecas Tolosan eta Donostian guardia zibilen kapitain izandakoa.

Puig Antichen heriotza sententzia idatzi zuen Carlos Rey abokatuari ere hartu nahi dio deklarazioa Servinik, baita beste hainbat poliziari ere, martxoaren 3ko langileen sarraskian inplikaturiko Jesús Quintana Saracibar Gasteizko polizia-buruari, esaterako.