argia.eus
INPRIMATU
Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak
  • Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 22a
1978ko sanferminetan, Poliziak zezen plazan kargatu eta German Rodriguez hil zuen.

Oraindik ere indarrean dagoen Espainiako Sekretu Ofizialen legea 1968koa da; hori iraungiko du Informazio Klasifikatuaren Lege berriak. Izan ere, egun indarrean dagoen lege horretan, frankismoan ezarritakoan, ez da inolako epe mugarik ezartzen.

Espainiako Gobernuak uztailaren 22an onartu du testua, eta parlamentura bidaliko du, han bere bidea egin dezan. Ez luke, berez, arazorik beharko onartzeko, baina ez da gaurtik biharrera egingo. Gauzak horrela, hortaz, EAJren aspaldiko eskakizuna betetzear legoke; Aitor Estebanek legegintzaldiak eman ditu Sekretu Ofizialen lege frankista gainditzea eskatzen, eta Euzkadi Buru Batzarreko buruzagitza hartu aurretik, Espainiako Kongresuko bere azken pleno saioan, horixe eskatu zion Pedro Sánchez presidenteari. Baina EAJk epe muga laburragoak eskatzen zituen, orain onartu berri den testukoan baino. 

Lau kategoria

Dokumentuentzat lau mota bereizi dituzte: "mugatua", "konfidentziala", "sekretua" eta "goi mailako sekretua". Nola kategorizatuko dituzte? Informazio jakin hori argitara eramateak Espainiako Erresumari, Estatuari eta ongizateari eragingo liokeen kaltearen arabera.

Kategoriaren arabera badira diferentziak. Agiri "mugatu" eta "konfidentzialak" automatikoki desklasifikatuko dira: lehena, sekretu gisa artxibatu eta lau urtera; eta bigarrena, zazpi eta bederatzi urte artean.

Aldiz, "sekretu" eta "goi mailako sekretu" agiriak Espainiako Gobernuak berak desklasifikatu beharko ditu. Gutxienez 30 urte igaro beharko dira "sekretuak" argitara eramateko, baina hamabost urtez luza daiteke epe hori. Eta "goi mailako sekretuen" kasuan, berriz, gutxienez 45 urte igaro beharko dira eta beste hamabost urtez luzatu ahalko da. Izan ere, "goi mailako sekretu" batek Espainiaren "subiranotasunari, lurralde osotasunari eta segurtasun nazionalari" kalte edo mehatxu "larria" eragin diezaioke.

Zigorrak ere aurreikusten ditu Espainiako Gobernuak astearte honetan onarturiko lege proposamenak. Esaterako, "sekretu" edo "goi mailako sekretu" agiri bat argitara eramateagatik, Espainiako Gobernuak desklasifikatu aurretik, 800.000 eta 2,5 milioi euro arteko zigorra jaso daiteke. Beste bi kategorien kasuan, gutxiago. Guztiak ere 30.000 eurotik gora.

Zer desklasifika daiteke?

Kategorizazioa ez denez ezagutzen, alderdi politikoek ez dute aurreikuspenik egin. Dena dela, 1978ko Iruñeko sanferminetatik eta 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskitik 45 urte baino gehiago igaro direnez, "goi mailako sekretu" izendatuko balira ere, dagoeneko luzapenetan leudeke. Gauza bera gertatzen da GALi buruzko informazio ororekin.

Baina, legea lege, bada aukera bat informazio jakin bat "salbuespen gisa" arauditik ateratzeko, "modu arrazoituan ikusten bada segurtasun eta defentsa nazionalerako mehatxuak edo kalteak dituela oraindik ere".