argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren krimenen kontrako auzian akusazio gisa aurkeztuko da Getxoko Udala
  • Getxoko Udalbatzak mozio bidez onetsi zuen atzo frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilan akusazio gisa agertzea. Mozioa EH Bildu eta GUK udal-taldeek aurkeztu zuten; proposamena talde bi horien aldeko botoaren bidez onartu zuten. Gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE) eta Ciudadanos abstenitu ziren botazioan; popularrak, berriz, horren kontra agertu ziren.

Hiruka .eus 2017ko uztailaren 28a
Getxoko udaletxea, artxiboko irudian. (Egilea: Hiruka)

Argentinako kereilan akusazio gisa aurkezteaz gainera, Getxoko Udalak espainiar Estatuko auzitegietan ekintza judizialak abiatzea eskatu du mozioak, "diktadura frankistak Getxon egindako gizateriaren aurkako krimenengatik erantzukizun penalak (edo bestelakoak) argitzeko helburuaz".

2010eko apirilean aurkeztu zuten frankismoaren krimenen aurkako kereila Argentinan. Ordutik, buru-belarri aritu dira hainbat erakunderi krimen horiek aztertzeko eskatzen. Europako Parlamentuari ere egin zioten eskaera, frankismoaren biktimak nazismoarenak eta faxismoarenak tratatu dituzten modu berean tratatu ez dituztela argudiatuta.

Pasa den ekainean, Erandioko Udalbatzak onartu zuen Argentinako Justizia Administrazioak Frankismoaren aurka zabaldutako auzietan esku hartzea, modu ez zuzenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez.

Bestalde, orain dela aste batzuk Berangoko Udalbatzak uko egin zion pertsonatzeari, Sare Antifaxistak jakinarazi duenez.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.