Frankismoaren azken exekuzioak hartu ditu hizpide Javier Buces historialariak, Askatasun Haizea (Txalaparta) liburuan. Estatuak eragindako biktimak, "bigarren mailako biktima" izaten jarraitzen dutela uste du Bucesek.
Bost hamarkada iragan dira frankismoaren azken exekuzioetatik. Nazioartean sona handia eragin zuen gertakariak, eta fusilamenduak geldiarazteko mugimendu indartsua sortu zen. Heriotza-kondena jaso zutenen artean Juan Paredes Manotas "Txiki" eta Anjel Otaegi euskal herritarrak zeuden, baita FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Abertzaleko Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz militanteak.
1970eko Burgosko Prozesuan ere ETA erakundeko sei militante heriotza zigorrera izan ziren kondenatuak. Auziak hautsak harrotu zituen Euskal Herrian eta nazioartean. Diktadura garaiko protesta mugimendu jendetsuenak eragin zituen gertakari horrek, eta mundu zabalean, frankismoaren irudia gogorki kaltetu zuen. Hori dela eta, indultuaren bidea hartu zuen gobernu frankistak, eta heriotza zigorrak presondegi urteekin ordezkatu zituzten.
Bost urte beranduago, 1975ean, ez zen halakorik gertatuko ordea. Tartean, ETAko komando batek Carrero Blanco presidente espainiarra eta Francoren oinordeko naturala hil zuen 1973ko abenduan. Frankismoa gainbeheran eta diktadorea hilaurrean zen, eta gobernuak zigor eredugarria ezarri nahi zuen oposizio antifrankistaren aurrean. 1975 urteko irailaren 27an ETA PM eta FRAP erakunde armatuetako bost militanteak fusilatu zituzten. Hilketa horiek duela bost urteko protesta mugimenduak erraz gainditu zituzten, eta nazioartean protesta gogorrak piztu ziren espainiar enbaxaden kontra.
Gertakari guzti horiek bildu nahi izan ditu Javier Buces historialari sevillar euskaldunak. Nafarroako Unibertsitateko irakasle laguntzailea izateaz gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko memoria historikoaren saileko arduraduna da. Txalaparta argitaletxearekin 'Askatasun Haizea' liburua argitaratu berri du, gertakari hori gertatu zenetik 50 urtera.