argia.eus
INPRIMATU
Francoren hezurrak lekuz aldatzea onartu du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta Madrilgo El Pardo auzoan lurperatzeko eskubidea onartu dio Gorenak Espainiako gobernuari. Bitartean, Madrilgo epaile batek Franco lurpetik ateratzeko operazioa geldirik du “segurtasun arrazoiengatik”.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko irailaren 24a

Aho batez eta ordu bete eskasean hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako 4. Salak, Espainiako Gobernuari arrazoia emanez ezbaian zeuden bi puntuetan: gobernuak Franco diktadorearen gorpuzkiak lurpetik atera ditzake, batetik; gorpuzkiak El Pardoko Mingorrubio hilerrian lurpera ditzake, bestetik.

Francoren sendiak diktadorea Erorien Haranean mantentzea eskatzen zuen bere helegitean. Ateratzekotan, beraiek aukeratutako tokian lurperatzeko eskubidea aldarrikatzen zuen: Madrilgo Katedraleko kriptan. Espainiako Gobernuak aukera horren aurka egin zuen, Memoria Historikoaren Legea urra zezakeela argudiatuta. Almudenako Katedrala Madril erdigunean dago, interes turistikoko gunea da eta bisitan joateko aukera dago.

Gobernuaren asmoen aurka helegitea jarri zuten ere Francisco Franco Fundazioak, Erorien Haraneko beneditarrak eta Erorien Haranaren Defentsarako Elkarteak. Baina helegite horiek ez dira gaurko auzi saioan aztertu.

Blokeoak dirau

Auzitegi Gorenak arrazoia eman badio ere, Espainiako Gobernuak ezin ditu oraindik Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera. Madrilgo 3. Administrazio Auzitegiko epaile José Yusty Bastarrechek diktadorea lurpetik ateratzeko lanak geldiaraziak ditu, urgentziazko kautelazko erabaki baten bitartez. Lanak abiatzeko, San Lorenzo de El Escorial-eko Udalak horiek egitea baimentzen zuen txostena egin zuen. Baina haren aurkako helegitea jarri zuen Francoren sendiaren inguruko Leonardo Falcó Rodríguezek. Francisco Franco Fundazioak egindako txostena aurkeztu zuen Falcók. Horren arabera, Francoren hilobia estaltzen duen 2.000 kiloko harlauza mugitzeak arriskuan jar dezake eraikin osoaren egonkortasuna. Yusty epaileak txosten horretan oinarritu zuen bere erabakia. Ez du bere erabakia berrikusteko data zehatzik ezarrita.

José Yusty epailea ezaguna egin zen 2017an Madrilen erabakitze eskubidearen inguruko ekimen bat debekatu zuenean. 2007an artikulu bat argitaratu zuen, besteak beste 2006an onartutako Memoriaren Historikoaren Legea gogor kritikatuz: "Erresumina ordezkatzen du, gerra zibilean garaituak izan zirenen gorrotoa eta mendeku gosea bere gorenean”, idatzi zuen. Yustyren aita armadako almirantea izan zen diktadura frankistaren urteetan.