Irailaren 27an 40 urte beteko dira erregimen frankistak azken biktimak hil zituenetik. ETAko Anjel Otaegi eta Juan Paredes Txiki eta FRAPeko Xosé Humberto, Ramón Garcia eta José Luis Sánchez fusilatu zituzten.
Espainiako Gobernuaren Nafarroako Delegaritzak Iruñeko omenaldia debekatu du. Ahaztuak taldeak salatu duenez, 2009an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak egindako debekuan oinarritu dira Gudari Eguneko ekitaldia debekatzeko.
2010ean, ordea, auzitegiak ondorioztatu zuen “Ahaztuak 1936-1977 taldeak urtero egiten dituen ekitaldietan ez dela terrorismoaren goratzerik egiten”. Carmen Alba Espainiako Gobernuko delegariak ekitaldiaren kartelean “bost terroristen aurpegiak” ageri direla esanez arrazoitu du debekua.
Iruñekoaz gain, ekitaldi ugari eginen dituzte Gudari Egunean Euskal Herri osoan. Zarautzen, 12:00etan hilerrian jarri dute hitzordua. Txikiren senideak eta Itziar Aizpurua Burgosko Prozesuan epaitua eta kondenatua izanen dira omenaldian. 13:00etan ekitaldi politikoa eginen dute Aritzbatalde pilotalekuan, “bi fusilatuen konpromisoa hartu eta gaurkotzeko”.
Gasteizen 12:00etan eginen dute bost fusilatuen aldeko ekitaldia, hilerrian. Derion, berriz, 18:00etan antolatu dute omenaldia. Baionan, Monbar hotel parean eginen dute ekitaldia 19:00etan.
Bartzelonan, Cerdanyola del Vallès herrian (Txiki fusilatu zuten tokian) ekitaldiak antolatu dituzte urteurrenari begira. Asteazkenean Haizea eta sustraiak Txikiren bizitzari buruzko dokumentalaren proiekzioa egin zuten, eta igandean Collserolako hilerrian omenaldia eginen diote.
Madrilen, igandean 12:00etan eginen diete omenaldia bost fusilatuei, hiriko hilerri zibilean. Eragile ugarik egin dute bat deialdiarekin.
1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten bost gazteak, Franco hiltzeko bi hilabete baino gutxiago falta zirela. Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta baita nazioartean ere protesta ugari sortu zituen heriotza aginduak. Pablo VI. aita santuak eta Suediako lehen ministroak, besteen artean, atzera egiteko eskatu zioten Francori. Alferrik baina, diktadoreak exekuzioak agindu zituen.
Txiki Bartzelona ondoko Cerdanyola basoan hil zuen Guardia Zibilak, “Eusko gudariak” kantari. Otaegi, berriz, Burgoseko Villarlón kartzelan fusilatu zuten. Senide eta lagunetatik inori ez zioten utzi bertan egoten.