argia.eus
INPRIMATU
Francis Fukuyama: “Sozialismoak bueltatu behar luke”
  • Sobiet Batasuna erori ondoren sistema kapitalistaren apologista nabarmenetako bat izateagatik da ezaguna Francis Fukuyama. 1992an “historiaren amaiera” iragartzeagatik ezaguna egin zen teorialaria, baina orain sozialismoaren itzuleraren alde egin du New Statesman aldizkariari egindako adierazpenetan.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 24a
Francis Fukuyamak adierazi du Karl Marx zuzen zegoela hainbat iragarpenetan.

“Historia mendekua hartzen ari da Francis Fukuyamarekin”, esaldiarekin hasi du George Eaton kazetariak New Statesman aldizkarian AEBetako teorialariaren adierazpenak jasoz publikatu duen artikulua. Izan ere, Sobiet Batasuna erori ondoren Historiaren amaiera eta azken gizona liburua argitaratu zuen irakasleak egindako aurreikuspenak –Mendebaldeko demokrazia liberalak mundu osoan zabaltzea zela gizakiaren eboluzio ideologikoaren amaiera– hankaz gora joaten ari dira azken urteetan, eredu horren ahulguneak geroz eta agerikoagoak bihurtzen ari direnetik.

“Garai hartan esan nuena zen demokrazia modernoaren problemetako bat zela bakea eta ongizatea ematen dituela, baina jendeak hori baino gehiago nahi duela… Demokrazia liberalak ez dira saiatu ere egiten bizitza ona zer den definitzen, norbanakoei uzten diete hori, zeinak alienatuta sentitzen diren, helbururik gabe, eta horregatik identitate-taldeekin bat egiteak ematen die nolabaiteko komunitate-sentsazioa”, adierazi du Fukuyamak.

Ronald Reagan eta George Bushen gobernuetan aholkulari izana, 2003. urtetik pixkanaka urrundu zen AEBetako kontserbadoreetatik, Irakeko inbasioa babestu ondoren haren kontra azalduz. Gerra hura, finantza munduaren ez erregulatzeko politikak eta euroaren sorrera kritikatu ditu aipatutako elkarrizketan. “Eliteek bultzatutako politikak dira eta desastre-samarrak izan dira, badago arrazoirik jende normala nahigabetuta egoteko”.

Fukuyamaren ibilbidea ezagutzen duenarentzat harrigarri samarrak gerta daitezkeen gauzak ere esan ditu urriaren 17an argitaratutako artikuluan. Sozialismoari buruz eta Erresuma Batuan bezala AEBetan izan duen berragertzeari buruz duen iritzia galdetuta, honakoa esan du: “Sozialismotzat zer ulertzen duzun, hor dago koska. Produkzio-bitartekoen jabetzaz ari bazara, ez dut uste horrek funtzionatuko duenik”, esan du, zeregin publikoa duten zerbitzuak salbuetsiz. “Baina esan nahi baduzu aberastasunen birbanatze-programa handiak, zeinak saiatuko diren desoreka handi hau zuzentzen, bai diru-sarreretan, bai sortu den aberastasunean, orduan bai, uste dut itzul daitekeela, ez hori bakarrik, uste dut itzuli behar lukeela. Reagan eta Thatcherrekin hasi zen aro luze hau, zeinean inposatu ziren zenbait ideia erregulatu gabeko merkatuez, eragin oso txarra izan du alde askotan”.

Elkarrizketan aurrerago, Karl Marxek esandako “zenbait gauza” egia direla onartzera ere iritsi da, kazetaria harrituz. “Gainprodukzioaren krisiaz hitz egin zuen… langileak pobretuko zirela eta eskaria txikiegia izango zela”, nabarmendu du. Baina demokrazia liberalaren arerio sistemiko nagusia, egun, Txinako estatu-kapitalismoa dela esan du, nahiz eta sistema horrek ere, bere ustez, ez duen oraindik erakutsi nola erantzungo liokeen krisi ekonomiko handi bati.