argia.eus
INPRIMATU
Francesca Albanese, NBEko errelatorea: “Israelek flotilla geldiaraziko balu, nazioarteko legea urratuko luke berriro”
  • Nazioarteko ontzidiak larrialdiko prentsaurrekoa deitu du asteazken goizean, “arrisku eremuan” sartu berritan. Itsasontzietan dauden kideek “intimidazioa” eta “gerra psikologikoa” salatu dituzte Israelen eskutik. Albanese NBEko errelatore bereziak gogorarazi du flotilla legezkoa dela, eta Israelek ez duela eskubiderik ez nazioarteko ez Palestinako uretan esku hartzeko.

Maria Ortega Zubiate 2025eko urriaren 01
Images/LightRocket Getty Images

Gazako itsasertzetik 120 itsas miliara, “arrisku eremuan” dago Nazioarteko Ontzidia, horrela jakinarazi du Israelek. Ia hilabeteko bidaiaren ostean, aurreikusten dute ostegun goizean Gazako itsasertzera helduko dela flotilla; Israelgo armadak eragozten ez badie, bederen. Izan ere, astearte gauaren eta asteazken goizaldearen artean, Israelgo ontzien presentzia sumatu dute flotillan dauden kideek. Aipatu dute identifikatu gabeko ontziak hurbildu zaizkiela abiadura handian, ur azpitik ere argiak nabaritu dituztela: “Oso argi utzi dute guk beraiek ikustea nahi zutela”, azaldu du Lisi Proenca flotillako kideak. Internet konexioan ere gorabeherak nabaritu dituztela azaldu dute eta “gerra psikologikoa” egotzi die Thiago Avila kideak. Bada, hori guztia legearen urraketa dela azaldu du Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak.

Albanesek gogorarazi du Israelek ez duela eskumenik nazioarteko ontzidiaren aurkako neurririk hartzeko, hiru arrazoirengatik. Batetik, nazioarteko uretan dagoelako: Gazako itsasertzetik 120 itsas miliara dago, eta 20 milia baino ez dira estatuen ur subiranoak. Bigarrenik, Palestinako uren gain ez duelako eskumenik: flotilla Gazara bidean doa, ez Israelera bidean; Gaza Palestinako Estatuko lurra da, eta, beraz, horrela da ura ere. Eta azkenik, Gaza Israelek ilegalki okupatu zuelako; eta, beraz, nazioarteko komunitatearen ardura da blokeoa apurtzea.

Hitza hartu bezain pronto, flotillan parte hartzen ari den jendearen ausardia goraipatu du Albanesek, eta legezko mugimendu bat dela azpimarratzearekin bat, zera ekarri du gogora: flotilla ez dela helburua, helburuak betetzeko modu bat baizik; eta, beraz, mundu mailako kontzientzia hartzera deitu du, horixe baita flotillak egin duena. Itsasoa berbagai izanda, portuen gaia jarri du mahai gainean. Israelekin harreman komertzialak eteteko premia azpimarratu du, eta hori bultzatzeko, norbanakoei protesta egiteko eta gobernuei presioa eragiteko deia egin die.

Ondorio legalak

Flotillaren azken orduak izan daitezke datozenak, eta atxiloketen mamua hauspotzen ari da. Horren aurrean, Albanesek eta Global Summud Flotillako kideek gogorarazi dute Gazara bidean dauden ontziek beren estatuaren bandera daramatela, eta, beraz, ezer gertatuko balitz, estatu bakoitza dela bere herritarren erantzule. Horrez gain, ontzidiak berak ere abokatu taldea prest duela adierazi du, edozer gerta ere.