Fracking Ez plataformak bi hitzordutarako deia egin du: bata Araban eta bestea Gipuzkoan, datorren astebururako. Bi kasuetan, EAEn haustura hidraulikoa arautzen duen legea behin-behinean bertan behera geratu izanak edukiko du protagonismoa.
Gasteizen ostiralean 21:30ean egingo da lehen mobilizazioa. Frackingaren aurkako plataformak elkarretaratze ibiltaria egingo du, Eusko Legebiltzarraren aurretik abiatuta Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzaren pareraino, azken horrek jarritako helegitea aintzat hartuz Konstituzio Auzitegiak EAEko fracking legea bertan behera utzi izana gaitzesteko.
“Eusko Legebiltzarrean onartu zen legeak herri baten nahia islatzen du, gure lurretan frackingik egon ez dadin. Horren ondorioa da Herri Ekimen Legegileak [legearen abiapuntua izan zenak] jaso zuen babes zabala: 100.000 sinadura bano gehiago”, adierazi dute deitzaileek prentsa ohar baten bidez; “Konstituzio auzitegia hartutako erabakia berri borondatearen aurka doa”. Azaldu dutenez, ostiraleko elkarretaratzea ez-ohikoa izatea nahi dute: ibiltaria ez ezik, musikatua eta antzeztua izango da.
Gipuzkoako Fracking Ez eguna Azpeitian
EAEko legearekin gertatutakoaz jardungo dute, halaber, larunbat goizean Azpeitian, Gipuzkoako Fracking Ez eguneko ekitaldien barruan. 10:30ean emango diote hasiera jardunaldiari, herriko gaztetxean egingo den Frackingaren egoera gaur bilera-eztabaidarekin.
Besteak beste, azken hilabeteotan teknika horren inguruan izandako mugimendu kontrajarriak hartuko dituzte gogoan: EAEko legea etetea batetik, Espainiako Kongresuak frackinga debekatzearen alde bozkatzea bestetik… Legearen ikuspegitik egoera zehatza zein den argitzen saiatzeaz gain, bai Eusko Jaurlaritzak bai herri mugimenduak haustura hidraulikoarekiko zer bide har dezaketen aztertuko dute.
Eguneko egitaraua osatuko dute 14:00etan hasiko den bazkariak, 17:30ean Herriko Plazan egingo duten Frackolinpiadea, eta gaueko 22:30etik aurrera gaztetxean izango diren kontzertuek.