argia.eus
INPRIMATU
Frackingari ezetz esan dio Kuartangok
  • Gaur egin da, azkenik, haustura hidraulikoari buruzko herri galdeketa Kuartangon. Erroldatutako herritarren %75ek bozkatu du, eta jasotako botoen %98 inguru izan da teknika hori herrian erabiltzearen aurkakoa. Erroldatuta egon barik udalerria bizi direnentzat beste hautestontzi bat ipini dute, eta kasu horretan bozka guztiak izan dira frackingaren kontrakoak.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko urriaren 19a
Gaur Kuartangon hartutako irudia (Argazkia: Fracking Ez Araba).

Kuartango, 400 biztanlera iristen ez den arabar udalerria, protagonista izan da azken hilabetetotan frackinga dela eta. Etorkizunean arbel-gasa erauzteko asmoek bete-betean eragiten diote, eta udal agintariek, Iñaki Guillerna (EAJ) alkatea buru, asmook ezagutu bezain laster agertu ziren haien aurka. Kuartango izan zen, iazko otsailean, bere burua fracking gabeko izendatu zuen Arabako lehenbiziko udalerria; gaur egun, herrialdeko gehienak daude zerrenda horretan.

Maiatzean, Kuartangoko Udalbatzak aho batez onartu zuen haustura hidraulikoari buruzko herri galdeketa egitea. Erreferendum loteslea egiteko asmoa zuen Udalak, baina abuztu amaieran Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak ukatu egin zion aukera hori. Egun batzuk geroago, irailaren 2an, Iñaki Guillerna alkateak iragarri zuen galdeketa egin egingo zela, balio ofizialik ez izan arren. Emaitzak "politikoki lotesleak" izango zirela esan zuen, orduko hartan, Guillernak. Alegia, udala koherentea izango zela herritarrek esandakoarekin.

Gaur egin dute kontsulta, Frackingaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, eta Guillernak ez du bezperan iragarritakoa bete behar izan: herritarrak frackingaren alde agertuz gero dimititu egingo zuela esan zuen. Jeltzaleak aise eutsiko dio karguari. Hiru boto baino ez dira izan teknika hori Kuartangon erabiltzearen aldekoak.