argia.eus
INPRIMATU
Frackingaren aurkako nazioarteko kanpaldia, uztailean Subilla Gasteizen
  • Fracking Ez taldeak haustura hidraulikoaren aurkako mobilizazio erraldoia iragarri du: Subilla Gasteizen egingo den kanpaldia. Frackanpada izena edukiko du. Deitzaileek adierazi dute nazioarteko ekimena izango dela, eta Europako hainbat talderen sostenguarekin antolatuko dutela.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko martxoaren 31
Fracking bidezko Euskal Herriko lehen putzuak egitekoak diren leku berean kokatuko da Frackanpada. (Arg.: Fracking Ez).

Halaber, Subillako herritarren babesa jaso dutela azpimarratu dute, besteak beste beren lurretan kanpatzeko baimena eman baitiete. Hain zuzen, fracking bidez Euskal Herrian egitekoak diren lehen putzuen kokalekua aukeratu dute antolatzaileek.

Frackingaren aurkako borrokak interes duten guztien esperientziak eta ideiak elkarrekin partekatzeko gunea izatea nahi dute. Hala, kanpaldiaren egitaraua zehaztu gabe dago oraindik.

Nahi duen edonork proposamenak egiteko eskatu dute; horien bidez osatuko da Frackanpada. Proposamenak egiteko epea maiatzaren 4ra arte dago zabalik.

Azkenik, Frackanpadaren informazio guztia bilduko duen webgunea aurkeztu dute: http://frackanpada.frackingez.org/eu.