Frackingaren aurkako jarrera agertu dute Arabako 8 udalek, proba sismikoen atarian

  • Araba hegoaldeko zortzi udaletako ordezkariek adierazi dutenez, euretako batzuek Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bidalitako eskutitzak jaso dituzte azken asteetan, udal horietan egitekoak diren proba sismikoen karietara ingurumen-inpaktu azterketa egin beharko den erabakitzeko prozedura hasiko dela iragarriz.


2015eko martxoaren 26an - 12:13
Ingurumen-inpaktu azterketa hidrokarburoak ustiatzeko plangintza osoari eragin beharko liokeela adierazi dute, eta ez fase bakoitzari. Argazkian, Trebiñuko eta Zanbranako alkateak. (Arg.: Fracking Ez Araba).

Berantevilla, Bernedo, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Lantarón, Trebiñu, Urizaharra eta Zanbranako udalek gogorarazi dute proba sismikoak lehenbiziko eta nahitaezko urratsa direla haustura hidraulikoaren (fracking) bidez hidrokarburo ez-konbentzionalak bilatu nahi badira.

Udalok Libra eremuaren barruan daude. Baimen-eremu horretako lan zerrendan ageri denez, prozeduraren hirugarren edo laugarren urtean egin behar dira proba sismikoak, eta ondoren, bosgarren urtetik aurrera, esplorazio-putzuak.

Esplorazioan emaitza onak lortzekotan ustiapen fasea hasiko litzateke, eta horretarako ehunka putzu egin beharko liratekeela azpimarratu dute.

Horren guztiaren aurrean, zortzi udalen ordezkariek frackingaren aurkako jarrera berretsi dute Arabako Batzar Nagusien egoitzan egindako agerraldian. Honezkero erantzuna igorri diote Madrilgo Gobernuari: ingurumen-inpaktu azterketa, egitekotan, estrategikoa izan behar dela adierazi dute, hau da, prozedura osoari dagokiona, proba sismikoetatik hasi eta ustiapen-putzuak irekitzera arte.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean gai horrexeri buruzko eztabaida egin zen iazko abenduan. Ordukoan, azterketa estrategikoak egitearen aldeko proposamena ez zen garaile suertatu.

Azkenik, Libra eremuaren barruan dauden udaletako bik, Bernedok eta Urizaharrak, ministerioaren jakinarazpenik jaso ez izana salatu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude