argia.eus
INPRIMATU
Frackingaren aurkako hainbat seinale kentzeko agindu du Bizkaiko Aldundiak
  • Herri sarreretan Fracking Gabeko Udalerria dioten seinaleak kentzeko agindu die Bizkaiko Foru Aldundiak Sopelako eta Nabarnizeko udalei. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuak adierazi du aipatutako udalek ez dutela bete seinale berrien kokapenari buruzko araudia.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 10
Sopelako seinaleetako bat, kokapen berrian (Arg.: Sopelako Udala).

Otsailaren 6ko Herri Lan eta Garraio Sailean, Garamendik azpimarratu zuen udalek ipinitako seinaleek uniformeak izan behar dutela, eta ezin dutela izan Espainiako Errepide Zuzendaritza Nagusiaren Katalogoak bildutakoen desberdinak.

Halaber, Garamendik azaldu zuen kentzeko agindu duten frackingaren aurkako seinaleak baimen barik jarri zituztela udalek.

Gutxienez Nabarnizek eta Sopelak jaso dute Aldundiaren agindua. Bietan ere, seinaleak Aldundiaren menpeko eremutik kendu eta herriko beste gune batzuetan kokatu dituzte.

Efe agentziaren ohar batek zabaldu zuen Fracking Gabeko Udalerria errotulua kentzeko agindu jaso zuena Aulesti izan zela. Bertako udal iturriek adierazi digutenez, seinaleak kentzeko agindua jaso dute, bai, baina ez frackingari buruzkoak, Udalbiltzaren ereduaren araberako ongi etorri seinaleak baino.