argia.eus
INPRIMATU
Frackingarekin hasteko Ingurumen Azterketa tiraderan gordeta… udal hauteskundeen ostera arte?
  • SHESAk, hidrokarburoen esplorazioa eta ustiapena sustatzeko helburua daukan enpresak –haren jabe bakarra Energiaren Euskal Erakundea entitate publikoa da–, 2013tik dauka prest gas ez-konbentzionala bilatzeko lehen bi putzuetarako (Enara 1 eta 2) Ingurumen-inpaktu Azterketa, baina publiko egiteko unea atzeratzen ari da, Gara egunkariak argitaratu duenez.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko azaroaren 24a
Viura-1 putzua, Espainiako Errioxan. SHESA da putzu horren zulaketan parte hartu duen enpresetako bat (Arg.: www.proyectoviura.com).

Informazio publiko fasea gainditu ondoren, Ingurumen-inpaktu Azterketa Espainiako Ingurumen Ministerioari igorri behar zaio. Hark oniritzia emanez gero, zundaketaren aldeko Ingurumen-inpaktu Adierazpena emango du, eta zulatze lanei ekin ahal izango diete SHESAren bazkideek, Petrichor (Heyco) eta Cambria konpainia estatubatuarrek. Bi horietan lehenak iragarri duenez, 2015ean daukate asmoa zulatzen hasteko.   

SHESAren hasierako asmoa zen 2015eko hasieran jasotzea ministerioaren Adierazpena, baina prozesua moteltzen ari da. EH Bilduk Proiektuaren Ingurumen-inpaktu Azterketa eskatu du, baina Jaurlaritzako Ekonomia Garapen Sailak ukatu egin dio, informazio publiko fasera iritsi aurretik txostenaren edukia ezagutarazteak prozedurari kalte egingo liokeela argudiatuta.

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Lakuak ez du nahi azterketaren edukia maiatzeko udal hauteskundeak baino lehen ezagutzea, horrek areagotu egingo lukeelako frackingaren aurka jendartean zabalduta dagoen jarrera. “Ingurumen-inpaktu Azterketa publikoa denean, jakin egingo da zer produktu kimiko erabiliko duten, zer hondakin mota eratuko den eta zer tratamendu emango zaien…”, adierazi digu Maeztuk.

Legebiltzarkide durangarrak gaineratu duenez, EH Bilduk ez du baztertzen txostena ez emateko erabakiaren aurka helegitea aurkeztea. Horretarako, Espainiako Konstituzio Auzitegira jo beharko lukete.

Ingurumen-inpaktu Azterketaren edukia publikoa ez izan arren, haren nondik norakoa igar daiteke SHESAk 2011ko irailean egin zuen Ingurumen Txostena ikusita (PDF, gaztelaniaz). Garai hartan, Jaurlaritzaren asmoa zulaketa lanak 2012an hastea zen. Baina Espainiako Gobernuak, frackingaren aurkako mugimendua apaldu nahian, legea aldatu zuen, eta harrezkeroztik derrigorrezkoa da hidrokarburo ez-konbentzionalak esploratzeko proiektu guztiek Ingurumen-inpaktu Azterketa izatea. Hori da SHESAk 2013an egin duena baina oraindik Ministerioari bidali ez diona.

Ingurumen Saila, EAEn frackinga debekatzearen aurka  

Azaroaren 18an, Eusko Jaurlaritzak frackingaren debekua eskatzen duen lege-proiektua eztabaidatzearen aldeko txostena eman zuen. Bezperan bertan, baina, Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburua EAE osorako debeku orokorra ezartzearen aurka azaldu zen, ezertarako balioko ez lukeelakoan. Besteak beste, halako lege batek zenbait autonomia erkidegok –Nafarroa barne– dagoeneko emandakoen patu bera izango lukeelako: Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin ditu guzti-guztiak, Espainiako Gobernuak haien aurka aurkeztutako helegiteak ebatzi bitartean.

Horren ordez, kasu bakoitza banan-banan aztertzearen alde agertu zen Oregi.