Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, EAJren eta PPren eskari bati men eginez, frackinga debekatzeko legearen eztabaida-prozeduran aldaketa ezartzea onartu du.
Honenbestez, zuzenketak aurkezteko epea –otsailaren 24ra arte zabalik zegoena– eten eta agerraldiak egiteko tartea irekiko da. Ez da zehaztu noiz arte iraungo duen tarte horrek.
Mahaiak onartutako eskaria Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordeko lehendakariordeak eta idazkariak egin dute. Lehenbiziko kargua EAJren esku dago, eta bigarrena, PPrenean. Argudiatu dutenez, adituen agerraldiak oso lagungarriak izan daitezke talde parlamentarioentzat, zuzenketak prestatze aldera.
Eskaria ezagutu zen unetik, EH Bilduk eta Fracking Ez plataformak gogor kritikatu dute. Bai batzuek bai besteek adierazi dute frackinga debekatzeari buruzko eztabaida ahalik eta gehien atzeratzea dela EAJren eta PPren helburua.
Zuzenketak aurkezteko epea atzeratuz, EAEn haustura hidraulikoa sustatu nahi duten taldeek ez lukete beren jarrera guztiz agerian erakutsi beharko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak igaro arte, Fracking Ez-en ustetan.
"Horrez gain", gehitu dute, "ez zaigu ahazten duela hilabete bat EAJk, eztabaidaren denborak kontrolatzeko beste saiakera batean, tramitazioa Ingurumen Batzordetik bere esku dagoen Garapen Ekonomikoko Batzordera pasatzea eskatu zuela".