argia.eus
INPRIMATU
Frackinga debekatzeaz eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrean
  • Bozketa bazkaldu aurretik egingo dute, baina dagoeneko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten bost taldeek azaldu dute Fracking Ez plataformak irailean aurkeztutako ekimen legegilea eztabaidatzearen aldeko jarrera.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko abenduaren 04a
103.000 herritarrek sinatu zuten frackinga debekatzeko xedea duen herri ekimen legegilearen alde. (Arg.: Fracking Ez).

EAEko lurralde osoan hidrokarburo ez-konbentzionalak bilatzea eta ustiatzea debekatzeko helburua dauka Fracking Ez-en herri ekimen legegileak (HEL). Baita ere edozein helbururekin haustura hidrauliko teknika erabiltzea.

HELa eztabaidatzearen aldeko txandan mintzatu dira Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten bost taldeak (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPD), haren aldeko 100.000 sinadurak aintzat hartuta.

Alta, alderdi batzuek argi adierazi dute lege proposamenak dioenaren aurka daudela. PPk, esaterako, gogorarazi du Espainiako Estatuak baizik ez duela hidrokarburoen arloan legeak egiteko eskumena. Gogoratu behar da frackinga debekatuz beste autonomia erkidego batzuek emandako lege guztiak indargabetuta dituela Espainiako Konstituzio Auzitegiak.

UPD ere HELaren edukiaren kontra azaldu da. EAJk eta PSEk, berriz, ez dute posizio argirik agertu, baina uneon erabateko debekuarekin bat ez datozela adierazi dute. Hori bai, HELaren testuaren espiritutik askoz hurbilago agertu dira sozialistak. EAEn oposiziora itzultzeaz geroztik gai honekiko hasitako 180 graduko biraketa honezkero burutu dutela esan daiteke.

EH Bilduk bat egin du HELaren testuarekin, eta eztabaida egiten ari den bitartean SHESAk hasita dauzkan lanak bertan behera uzteko eskatu du. EAJri zintzotasun falta leporatu diote, eta esan dute jeltzaleek gaiaz eztabaidatzeko agertutako borondatea ez dela sinesgarria aldi berean hidrokarburoen esplorazioa egiteko baimenak indarrean mantentzen baditu.