argia.eus
INPRIMATU
FR3 Euskal Herri Pays Basque telebista saioa aste batez kenduko dute
  • Maiatzaren bigarren astean bi jai egun (8 eta 10) direla eta, Akitania Berriko (France Nouvelle-Aquitaine) zuzendaritzak bertan behera utzi du France 3 Euskal Herri informazio orokorreko saioa. Telebistak aste batez ez du Ipar Euskal Herriko aktualitateaz informatuko.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 27a
France 3 Euskal Herri telebistaren aldeko elkarretaratzea. Jean-René Etchegaray eta Claude Olive auzapezak lehen lerroan daude, beste hautetsi askoren artean. Argazkilaria: Bob Edme.

Telebistako erredakzio kideek adierazi dutenez, behin-behineko itxiera hau seinale txarra da etorkizunerako. Telebista publiko honek lehenago ere hartu izan ditu gisa eta tamaina honetako erabakiak.

Aurreko kasuetan bezala hautetsi andana jatsi da karrika erabakiaren aurka protestatzeko. Baionako Jean-René Etchegaray, Miarritzeko Michel Veunac eta Angeluko Claude Olive auzapezak eta Vincent Bru diputatuak daude erabakiaren aurkako jarrera agertu dutenen hautetsi andanaren buruan.

France 3 Euskal Pays Basqueko kazetariek diotenez, hamar egunez ez da  erredakzioan kazetaririk izanen eguneroko gertaerei segimendua egiteko: “Duela 25 urte bezala, telebista saioa sortu aurretiko egoera berean gaude Ipar Euskal Herrian”. Hau da, erakunde publikoaren informazio jasotzeko eskubidea ukatzen zaie herritarrei.