Michel Foucaulten Haragiaren aitorpenak argitaratuko da ostegun honetan, Sexualitatearen historia-ren azken liburuki argitaragabea.
Gallimard argitaletxeak 2018ko argitalpenen barruan lurrikaratxoa eragin dezakeen zerbait iragarri du: Michel Foucault filosofoaren (1926-1984) Les aveux de la chair (Haragiaren aitorpenak) publikatuko duela, alegia, egilearen lan nagusienetakoa den Sexualitatearen historia-ren laugarren atala. Hil aurretik bukatu gabe utzi zuen liburu hori eta orain arte ez da inoiz publikatu.
Argitaletxeak azaldu duenez, ostegun honetatik aurrera eskuratu ahal izango da dendetan. Sexualitatearen historia-ren laugarren atal gisa publikatuko den arren, Gallimardek zehaztu du obraren mamiari liburu honekin ekin ziola, 1976an La volonté de savoir (Jakin nahia) idatzi ondoren. Azken titulu hori da Sexualitatearen historia-ren hasiera, zeinean filosofoak ondoren landuko zituen kontzeptuei sarrera orokorra eman zien.
Sexualitatearen historia-rekin Foucaultek “hipotesi errepresiboa” kritikatu zuen besteak beste: Mendebaldeko gizarteak, XVII. mendetik XX. mendearen erdialdera, kapitalismoaren eta gizarte burgesaren gorakadarekin, sexualitatea erreprimitu zuela esaten duen ideia, alegia. Foucaultek, horren kontra, argudiatu zuen mende horietan sexualitatea ugaritu egin zela, baita zientifikoki aztertzen hasi ere, gizartearen interesa piztu zuen gai bihurtuz. Sexuak Grezia eta Erroma klasikoan izandako rola ere aztertu zuen.
Obrak zeresan handia eman zuen argitaratu zenetik, baita kritikak eragin ere. Adibidez, duela gutxi euskaraz argitaratu den Silvia Federiciren Caliban eta sorgina liburuan, ikuspegi feministatik kritikatzen dira Foucaultek liburu horretan gutxi aipatu zituen zenbait funtsezko gertakari, adibidez feudalismotik kapitalismora igarotzerakoan, sorgin-ehizak gorputzen diziplinamenduan izan zuen garrantzia.