Eusko Legebiltzarrean akreditatutako fotokazetariek salatu dutenez, organo legegileak "prentsa askatasuna mugatzen du", hedabide grafikoek euren lana egin ahal izatea eragozten ari baita.
"Prentsa askatasuna mugatzea" eta "lanerako eskubide legitimoa" urratzea egotzi diote EAEko parlamentuari astearte honetan, izan ere, botere legegilearen jardueraren argazki bidezko jarraipen informatiboa "bere zerbitzuek soilik" egitea erabaki dute pandemian zehar.
Legebiltzarreko Mahaian aurkeztu eta 17 fotokazetarik sinatutako idazki batean, "kezka" agertu dute irailaren 3an, osteguna, lehendakariaren inbestidura saiora sartzeko debekuaren aurrean aurrean. Aurretik, argazkilariek ezin izan zuten sartu EAEko Legebiltzar berria eratzeko bilkurara ere.
"Legebiltzarrean fotokazetariak ez egotea eta legegilearen jarduna bertako zerbitzuek soilik betetzea legeak herritar guztiei aitortzen dien aniztasunaren eta informazio aske eta egiatiaren aurka doala uste dugu", salatu dute. Gainera, Gasteizko Legebiltzarrean aritzen diren fotokazetariek azpimarratu dutenez, ganberak hartutako neurria "lan prekarietateak larri kaltetutako sektore baten aurkako erasoa” litzateke.
Azkenik, eskatu dute kontuan hartzeko Espainiako Diputatuen Kongresuan edo Nafarroako Parlamentuan funtzionatzeko duten modua, "profesionalek segurtasun neurri guztiak errespetatuz lan egiten jarraitzen baitute".
Legebiltzarreko iturriek jakitera eman dutenez, asteazken honetan, abuztuaren 26an, bilduko den mahaiak fotokazetariek bidalitako idazkia aztertuko du.