argia.eus
INPRIMATU
Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera
  • Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 04a
Taser pistola

Nafarroako Gobernuak modu progresiboan hedatu nahi du taser pistolaren erabilera polizien artean eta haien kopurua handitzen joango dira 2026tik aurrera. Nafarroako Gobernuaren arabera, arma hori "disuasio moduan" erabiltzera bideratuta dago nagusiki eta su armen alternatiba da. Pistolekin batera, bateriak, kargagailuak eta lizentzia eraman beharko dituzte. Arma erabiltzen ikasteko sei tiro-irakasle formatuko dituzte geroago pistola elektrikoaren erabileraren hezitzaile izateko.

Izenak dioen bezala, pistola itxura duen arma mota bat da taser pistola. Aktibatzen denean, bi dardo jaurtitzen ditu, gorputzarekin talka egitean abisu-deskarga bisual bat eragiten du lehenengo, eta zenbait segundoko deskarga elektriko bat sortzen du ondoren, 50.000 voltiorainoko indarra izatera iritsi daitekeena. Deskarga elektriko horrek nerbio-sistema nahasten duenez, pertsona ezgaitzen du aldi baterako. Kritika handiak jaso ditu arma horrek nazioartean, dakarren arriskuagatik.