Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen legediarekin" bat datorrela berretsi du. Mota horretako armak pertsonari deskarga elektriko bat sortzen dio, aldi baterako ezgaitzen duena.
Nafarroan, geroz eta gehiago dira taser pistolak erabiltzeko baimena eskuratzen ari diren polizia indarrak. Dagoeneko Nafarroako Guardia Zibilek badute eskumena, baita hamaika herritako udaltzaingoek ere, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela, Nafarroako Kontseiluak maiatzaren 20an aldekotasuna agertu ostean. Arma horien erabilera baimenduko luke Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratzen den Foru Araudiak, eta orain Nafarroa Kontseiluak egin duen ebazpena horren aurreko administrazio pausoa da.
Hilabete ugari daramatzate murgilduta Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia departamentuak Foruzaingoaren armen araudia aldatzeko prozesuan. Iazko irailean eginiko adierazpenetan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen foruzainen artean taser pistolen erabilera "modu progresiboan" hedatzea nahi duela, eta hori "zeregin eta jardueretara egokituta" egongo dela.
Izenak dioen bezala, pistola itxura duen arma mota bat da taser pistola. Aktibatzen denean, bi dardo jaurtitzen ditu, gorputzarekin talka egitean abisu-deskarga bisual bat eragiten du lehenengo, eta zenbait segundoko deskarga elektriko bat sortzen du ondoren, 50.000 voltiorainoko indarra izatera iritsi daitekena. Deskarga elektriko horrek nerbio-sistema nahasten duenez, pertsona ezgaitzen du aldi baterako.