argia.eus
INPRIMATU
Foruzaingoak familia bat etxegabetu du Antsoainen, eta hori galaraztera joan direnen aurka oldartu da
  • 10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea galarazteko asmoz. Foruzaingoa bortizki oldartu da euren aurka, eta Ahotsa.info hedabideak jakinarazi du pertsona bat atxilo eraman dutela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 21
Furozaingoa etxegabetutako emakumearen eta haren familiaren portalean sartu den unea. Ahotsa.info

Haritu Elkarlaguntza Sareak deia egin du etxegabetu nahi zuten emakumearen eta haren familiaren etxera 08:00etarako bertaratzeko asteazken goizean, baina Foruzaingoa aurreratu egin zaie: plataformak berak sare sozialetan jakinarazi duenez, Poliziaren sei furgoi zeuden Antsoaingo Lerin kaleko etxearen azpian 07:30erako. Foruzaingoak etxearen inguruko kale guztiak moztu ditu, etxegabatzea galarazteko hurbildu diren dozenaka lagunen elkarretaratzea desegiteko asmoz, eta ondoren euren aurka bortizki oldartu da.

Ahotsa.info hedabideak sare sozialetan argitaratutako bideo baten arabera, badirudi Foruzaingoak kargaren unean pertsona bat atxilo eraman duela. Harituren arabera, etxegabetutako emakumeak adin txikiko bi haur ditu, eta ez diote eskaini bizitzeko beste alternatibarik. Gainera, plataformak adierazi du etxegabetzearen unean etxearen barnean zegoen pertsona baten osasun arazoak tarteko, anbulantzia bat bertaratu behar izan dela tokira.