Nire boza: fracking ez ekimena aurkeztu dute Gasteizen. Maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiek haustura hidraulikoaren aurkako jarrera esplizitua ager dezatela da helburua.
Fracking Ez plataformak hiru astez (maiatzaren 6ra arte) egingo du kanpaina. Maiatzaren 12an emaitzen berri emango dute.
“Garrantzitsua iruditzen zaigu maiatzaren 24an bozkatuko dutenek argi izatea frackingarekiko zer jarrera duten euren hurrengo udal eta foru ordezkariak izango direnek”, adierazi dute.
Fracking Ez-eko kideek hautagaiei helaraziko dieten konpromiso-orria erakutsi dute. Hura sinatuz, teknika horren bidezko hidrokarburo-erauzketa galarazteko asmoa agertuko dute hautagaiek. Konpromisoa gobernuan zein oposizioan egonda betetzeko agindua emango dute, gainera.
Kanpainaren sustatzaileak alderdi politiko bakoitzeko arduradun nagusiekin biltzen saiatuko dira lurraldez lurralde, konpromiso globalak lortze aldera; halaber, bilerak herririk herri egingo dituztela iragarri dute.
Gogorarazi dutenez, Subilla Gasteizen Enara 1 eta 2 putzuak zulatzen hasteko tramiteak abian daude, eta bestetik proba sismikoak (hidrokarburoen erauzte-prozesuaren lehenbiziko urratsa) egitear daude Geminis eta Libra baimen-eremuetan (ikusi eskumako mapa). 30 udal baino gehiago daude horien barruan.