argia.eus
INPRIMATU
Foru Aldundiari bilera eskatu diote Gipuzkoako erresidentzietako grebalariek
  • Gipuzkoako erresidentzietako langileek Foru Aldundiaren atariraino eraman dute protesta, euren 257 greba egunean. Eskaera ugari egin arren Aldundiak langileekin bildu nahi ez duela salatu dute.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 16a
Argazkia: ELA sindikatua

ELA eta LAB sindikatuek eta erresidentzietako egoiliarren senideen Gipuzkoako Senideak Elkarteak manifestazioa egin dute gaur eguerdian Donostian. 60 talde feminista eta pentsiodunak ere batu dira mobilizaziora. Hain zuzen ere, 257 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek.

Gaurko protestan gogorarazi dutenez, egoerak okerrera egin du pandemian. Inoiz baino langile gutxiago dagoela salatu dute, ez direlako erizainak eta medikuak ordezkatzen. Gainera, kategoria horietako profesionalek sektorean lan egin nahi ez dutela azaldu dute. Horregatik guztiagatik Aldundiari bilera eskatu diote asteazken eguerdiko manifestazioaren amaieran. Gipuzkoa Plazan eserialdia egin dute, eta zaharren-egoitzetako sektoreak bizi duen egoera tamalgarriaren aurrean duen erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote Aldundiari.

Hain zuzen ere, Aldundiak “Jarrera demokratikoari erakutsi beharrean, zahar egoitzetako lan-baldintza jasanezinak mantentzera” mugatzen dela salatu dute grebalariek. ELA eta LABeko ordezkariak Aldundiaren eraikinera sartu dira eta haien eskaera erregistratzea lortu dute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak grebarako eskubidea mugatzen jarraitzen duela salatu dute, %100eko gutxieneko zerbitzuekin eta sektorea grebarako oinarrizko eskubiderik gabe utziz. Hala eta guztiz ere, ELAk azpimarratu du mobilizazioa arrakastatsua izan dela.