Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga jarri ahalko dute 2013an Gipuzkoan, Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Astelehenean ados jarri ziren bi indarrak; eta atzo berriz, EAJren eta PPren kritikak jaso zituzten, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien bitartez. Joan den astean ere zatiketa berdina (Bildu eta PSE alde batean, EAJ eta PP bestean) eszenifikatu zuten Finantzen Euskal Kontseiluan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 44 milioi euro bildu nahi ditu zerga berriarekin. Ondarearen gaineko Zerga ordezkatuko du, eta 8,7 milioi gehiago jaso nahi dituzte, Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak astelehenean azaldu zuenez.
Erabakiarekin bat egin du PSEk. Rafaela Romerok adierazi duenez, zerga-egitasmoa “behar dugun fiskalitate berrirantz” emandako urratsa da. PSEko Gipuzkoako bozeramailearen ustez neurriak ezabatu egingo du “ezkutu fiskala”, zerga hau indarrean jarri bitartean salbuetsita baitaude jarduera ekonomikoei lotutako ondasun eta eskubideak.
Ez da Bilduk eta PSEk fiskalitatearen alorrean lortu duten lehenbiziko akordioa –PFEZa aldatzeko akordioa lortu zuten 2011 amaieran, baita Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzea ere, beste hainbaten neurriren artean–.
Zergen alorreko adostasun horiek kritikatu zituen atzo PPk, Javier de Andres Arabako Ahaldun Nagusiaren bidez. De Andresek aurreikusi du horrelako akordio gehiago ere iritsiko direla eta Gipuzkoako Foru Aldundiko datorren urteko aurrekontuen negoziazioarekin lotu du.
EAJ ere ez dago neurriaren alde. Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak kritikatu du erabakia hartu dela Zerga Kideketarako Saila kontuan hartu gabe –organo horretan biltzen dira hiru aldundiak eta Jaurlaritza fiskalitateaz hitz egiteko–; gainera, Bizkaiko Aldundiak ez du uste zerga berriak eragin handirik izango duenik.